Abeltzain eta ekoizleen Ganadu Azoka hartuko du Etxebarriak
Etxebarriko Galartza industrialgunean batuko dira abeltzain eta ekoizleak zapatuko [ekainak 13] Ganadu Azokan. Arratsaldean, II. Artzain Txakur lehiaketa ospatuko dute.
Etxebarria ekoizle eta abeltzainen topagune izango da zapatuan [ekainak 13]. Urtero legez, lehen sektorea bultzatzeko Ganadu Azoka ospatuko dute Galartza industrialgunean, eta Etxebarriko eta inguruetako produktu zein abereen erakusleiho izango da 10:00etatik 14:00etara. Ekoizleek ekarriko dituzten produktuen artean, gazta eta ogien bina postu, eta gildak, berakatz beltza, eztia, garagardo artisauak, ahatekiak eta lorak erosteko postu bana egongo da. Animalien kasuan, 225 abereren erakusketa eta salerosketarako aukera egongo da: guztira, 23 zaldi, 27 poni, 51 ahuntz, 38 asto eta 89 ardi ekarriko dituzte. Dermatosi Nodularra ekiditeko neurriak direla eta, ez da behirik egongo aurten.
Artzain txakurren erakustaldia. Ganadu Azoka amaituta, II. Artzain Txakurren lehiaketa ospatuko dute Errekarte auzoko zelaian, eta 18:00etan hasiko da artzain txakurren lehia. Partaideei dagokionez, sei dira erakustaldia egingo duten txakurrak: Igor Elordi, Lagun txakurragaz (Barinagatik); Mikel Pagazartundua, Lay txakurragaz (Lemoatik); Angel Gerediaga, Uda txakurragaz (Getxotik); Javier Gastañaga, Fol txakurragaz (Antzuolatik); Pello Segurola, Yak txakurragaz (Matxinbentatik) eta Xabier Gaztañaga, Sandy txakurragaz (Antzuolatik). Mikel Garalar eta Bittor Bengoetxea ariko dira epaile lanetan.