Emakumeen kantak entzun daitezen
2008an sortu zen Emeki korala. Ordutik, herriko eliza eta kaleak ahots zuriz betetzen eta euskal musikagileen lanak zabaltzen aritu dira. Musika oinarri, herri honen folklorea zabaltzeko eta emakumeak sartzeko lan egiten du taldeak. Yolanda Loira Mugartegi ari da zuzendari lanetan, eta taldeak herrian duen garrantziaz eta bere etorkizunaz hausnartzeko tartea hartu du.
Ahots zuriak oholtzara ekartzeko apustua egin zuen Yolanda Loira Mugartegik, duela ia hogei urte. Markina-Xemeinek beti izan ditu koruak, hala ere, emakumeek osatutako talde baten beharra zegoen herrian. Haurren koralak zuzentzen aritu da Loira urte luzez, eta hortik sortu zen emakume helduen talde bat sortzeko ideia. 2008ko irailean eman zuten lehen pausoa, eta, urtez urte egindako lan geldiezinari esker, emakumeen ahotsez bete dituzte Markina-Xemeingo eliza, kale eta bazterrak.
Abestea maite duten Markina-Xemeingo eta Etxebarriko hamalau abeslarik osatzen dute Emeki korala. «Koru txikitzat» dute euren burua, hala ere, handia da urte luzez egin duten lan nekaezina. Elizetako oholtzan aritzen dira sarri, euren ahotsetara «hobekien egokitzen den tokia» baita. Hainbat tokitan izan da taldea, eta Markina-Xemeingo, Lea-Artibaiko, Euskal Herriko eta Madrileko zein Burgosko entzuleek izan dute euren ahotsak entzuteko aukera.
Latinez abestutako kantu erlijiosoak, euskal musikarien kantuak, ingelesez idatzitakoak edo erbestetik ekarriak entzun daitezke euren emanaldietan, betiere, emakumeek idatzitako kantuak lehenesten duten horietan. Hala ere, M8an eta Santa Zezili egunean toki zarratuetatik irten eta, herriko kaleak hartzen dituzte, egun berezi horietan «elizan ikusten ez gaituzten herritarrengana hurbiltzeko». Gabon garaian ere kalez kale aritzen dira, eta ohitura bihurtu da herrian Gabon kantak emakumeen ahotsetatik entzutea.
Emakumeak eta emakumeek koraletarako sortutako abestiak plazaratzearen garrantzia azpimarratzen du taldeak emanaldi bakoitzean. «Musikaren bidez egiten ditugu gure aldarrikapenak, eta martxoaren 8an, adibidez, emakumeek idatzitako kantak dira abesten ditugunak». Elizako zein kaleetako agerraldietan, ez dira inoiz emakume euskaldunek sortutako kantak falta izaten, eta sarri abesten dituzte Junkal Guerrero, Eva Ugalde edo duela urte pare bat utzi gintuen Idoia Azurmendik koraletarako idatzi izan dituzten lanak. Hala, Aintzane, Naroa, Zaloa, Miren, Ihintza, Eneritz, Noelia, Ianire, Maitane, Amaia, Sorkunde eta Itziarren ahotsek emakume musikari horien lanei leku bat egiten die Markina-Xemengo kaleetan.
“Emakumeek idatzitako kantak dira abesten ditugunak. Hori da helburua, jendeak emakumeen lanak ezagutzea”.
Musikak batu dituen emakumeek osatzen dute Emeki. Zaletasun horrek beraien arteko harreman estuak sortu ditu taldean, eta sare hori josten jarraitzeko, «mintegiak» egiten dituzte urtean behin. Astean behin egiten dituzten entseguetatik harago joan eta buru-belarri entseatzeko asteburua izaten dute. Kantatzeaz gain, euren artean ezagutzeko eta lagun bihurtu diren horiekin denbora pasatzeko modua da: «Egunerokotasunean ardura asko izaten dituzte, familia, haurrak, etxea… eta asteburu hau pertsona moduan beste pertsona batzuekin batzeko modua da».
Etorkizunari begira jartzerakoan, atzera bota du begirada Loirak. Poztasunez gogoratu ditu koralaren hasieretatik gaur arte koralean jarraitzen duten sei emakumeak, hala ere, «jendea joan eta etorri egiten da», eta horrek, batzuetan, ardura sortzen duela aitortu du. Euskal dantza eta musika talde eta arte eskolek sarri adierazi izan dute kirolagaz lehiatzen aritzen direla jendea kultur talde batera erakartzeko orduan. Emeki koralari ere eragin izan dio beti, eta zailtasun horri egin behar izan dio aurre azken urteetan: «Asteroko taldelanaz gain, etxean lan pertsonala eskatzen du, eta batzuetan entsegu estrak izaten ditugu, eta konpromisoa hartu behar izate horrek jendea ikaratu egiten duela ikusi izan dugu askotan».
Ama izan diren neskak ere gogoratu ditu Loirak. Eskertuta eta pozarren agertu da ama izan ondoren, koralera bueltatzeko hautua egin duten emakume horiekin.
Domekan du Emekik hurrengo emanaldia. Mesedetako elizan abestuko dute, 12:30ean, eta modernoagaz nahasten den errepertorio klasiko bat eskainiko dute. Oier Ponce Azpiri izango dute pianoan, eta Urki Gojenola Ibarloza perkusio lanetan. Hala, zuzendariak herritar guztiak gonbidatu ditu domekako emanaldira.
“Taldearekiko konpromisoa, kantatzea asko gustatzea eta emakume musikariak ezagutzeko gogoa dira eskatzen ditugun baldintza bakarrak”.
Abestea gustatzen zaien emakumeei deia egin die Emekik, eta musika maite duen edozeinentzat ateak zabalik dituztela azpimarratu dute. Betiko ahotsez gain, Emekiren etorkizunak ahots berriak beharko ditu aurrerantzean: «Taldearekiko konpromisoa, kantatzea asko gustatzea eta emakume musikariak ezagutzeko gogoa dira ditugun baldintza bakarrak». Itxaropentsu eta lanean jarraitzeko gogoz, emakumeek sortutako musika zabaltzen jarraituko du Emeki koralak, ia hogei urtez egin duen modura.