"Hezkuntza kooperatiboa eta lankidetza" nabarmendu dituzte Leartibai Fundazioaren eta Lea Artibai Ikastetxearen urteurrenean
Leartibai Fundazioaren sorreraren 25. urteurrena eta Lea Artibai Ikastetxea Kooperatiba bihurtu zeneko 50. urteurrena ospatu dute gaur [ekainak 15], ekitaldi bateratuan.
Lea Artibai Ikastetxeko aretoan egin dute urteurren ekitaldia. Leartibai Fundazioak eta Lea Artibai Ikastetxeak 25. eta 50. urteurrenak ospatu dituzte gaur [ekainak 15], urte luzez Fundazioaren eta Ikastetxearen ondoan izan diren enpresa, erakunde, instituzio eta elkarteekin egin duten ekitaldi bateratuan. Ospakizun eguna erakunde bien instalazioetan egin duten bisita gidatuagaz hasi dute, eta ostean, Lea Artibai Ikastetxeko aretoan batu dira ekitaldi instituzionalean.
“Komunitatea ulertzeko, egiteko eta izateko modu bat” oinarri izanda egin dute gaurko elkarteratzea, eta Lea Artibai Ikastetxearen eta Leartibai Fundazioaren harreman eta elkarlana izan dira ekitaldi bateratua egitearen arrazoi nagusi. Urte hauetan, ikastetxeak “prestakuntzari” heldu diola adierazi dute, eta fundazioak, “enpresen garapenari” lagundu. Urte guzti hauetan, beraz, eskualdeko “etorkizun eragile” izan direla nabarmendu dute. 50 eta 25 urtez etorkizuna “oinarri sendoz” eraiki duten erakunde, instituzio eta enpresek zeresana izan dute gaurkoan, hala, Jon Altuna Lea Artibai Ikastetxeko lehendakaria izan da hitza hartzen lehena. Noelia Berruetabeña Lea Artibai Ikastetxeko zuzendari nagusia, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Ainhoa Arrizubieta Leartibai Fundazioko zuzendari nagusiak ere egin dute berbaldia.

Jon Altuna ekitaldiko hitzaldian.
“Komunitate batek 50 urtetan eraiki duen ibilbidea ohore handiz” ospatzeko ekitaldia dela adierazi du Altunak, “hezkuntza kooperatiboa eta lankidetza” oinarri izanda sortu dena eta “erronkei aurre egiteko gai izan dena”. Erakunde bien “printzipio kooperatiboak, lankidetza eta solidaritatea” azpimarratu ditu, eta eskerrak eman dizkie eskuade honen alde lanean ari diren pertsona guztiei.
Pello Rodriguez Mondragon korporazioko lehendakariari ere eman die hitza, eta gizarte “kohesionatu, berdintasunaren aldekoa, lehiakor eta berritzaile” baten alde lanean ari diela adierazi du. Mondragonek oinarri dituen “identitateaz, ausardiaz, eragin sozialaz eta interkooperazioaz aritu da Rodriguez, eta hala azpimarratu ditu eskualde honetako erakundeen elkarlana: “Indarrak batu emaitzak lortzeko”.

Pello Rodriguez, berbaldian.
Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Saileko Foru diputatua ere izan da urteurren ekitaldian, “eskualde batekiko konpromisoa, lankidetza, aurrea hartzeko gaitasuna eta etorkizuna eraikitzeko borondatea” aitortzeko. “Bere indarguneak kontuan hartuta indarberritu den eskualde bat” dela azpimarratu du, eta horren oinarria lankidetza izan dela. Ikastetxea hezkuntzatik eta formaziotik haratago joan dela adierazi du Basurkok, “eskualdeko transformaziorako tresna eta enpresen lehiakortasunerako inbertsio kolektibo” izan dela esanez. Argi adierazi du, beraz, “eskualde honen garapen ekonomiko eta sozialerako eragile aktibo” izan dela. Leartibai Fundazioaz ere aritu da, eta eskualdearen “sendortasunaren” oinarria dela adierazi du: “Entitate bat baino gehiago da; gobernantza modu bat, lankidetza modu bat, eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko modua da. Erreferente eta eredu bat da“.

Ainara Basurko, ekitaldian.