"Luzaroan egindako eskaerak" berretsi ditu Ziortza-Bolibarko Udalak
'Herri txiki aukera handi' ekimenaren baitan, Ispasterren batu dira Etxebarria, Amoroto, Mendexa, Ziortza-Bolibar eta Ispasterko udal ordezkariak. Ziortza-Bolibarko Udalak eskaerak egiteko baliatu du bilkura.
Markesina jartzeko lautu behar duten eremua.Ziortza-Bolibarko Udala Busturialdean, Arratian eta Mungialdean arrakasta handia izan ondoren, Lea-Artibaira heldu da Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako Herri txiki aukera handi programa. “Programaren lehenengo helburua eskualdeko udal-zerbitzu publikoen egoeraren diagnostikoa egitea” izango dela azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak, tokiko eragile publiko zein pribatuek emandako informaziotik abiatuta. Eskualdean udal-zerbitzu publikoen gabeziak identifikatuko ditu programak, eta hortik abiatuta, herrien beharrak asetzeko proiektuak abiaraziko dituzte.
Etxebarria, Amoroto, Mendexa, Ziortza-Bolibar eta Ispasterko udal ordezkariak batu ziren joan den astean Ispasterren egindako bilkuran. Programaren berri eman zuen bilkuran Imanol Landa Bizkiko Foru Aldundiko ordezkariak, eta baita eskakizunak entzun ere.
Herriari aukerak emateko. Ziortza-Bolibarko Udalak aldundiari “luzaroan egindako eskaerak” gogorarazteko baliatu zuen bilkura: Zubibarrin markesinen beharra dute ziortza-bolibartarrek. Hala ere, Bizkaiko foru aldundiak “BI-633 errepide ondoko lur partzela lautu” behar dela adeirazi zien gutun bidez. Udalak gaia aztertu eta lur zati horren lautzea foru aldundiari dagokiola ondorioztatu du. Hala, bilkuran “egoera hau aztertzea eta obra hau aurrera eramateko ardura hartzea” eskatu zioten foru aldundiari.
Aitxubalko bidegurutzea ere aipatu zuten. Lekuan lanak egin zituztenetik, herriko bidera sartzeko bidegurutzean etenbako lerro bat zeharkatu behar izaten dute Bilbotik datozen autoek, eta horrek ez du bidera legalki sartzeko aukerarik ematen. Gainera, bide horretatik irteten direnek ezin dute Markina-Xemeinera doan errepidea marra hori zapaldu barik hartu, “alderantziz geratzen baita ibilgailuz egin beharreko maniobra”.

Iruzubieta pareko bidegurutzean, Aitxubalgo sarrera.Ziortza-Bolibarko Udala
Azkenik, ziortza-bolibartarrek “zuntzaren hedapen planaren inguruko informazio ahalik eta zehatzena” jasotzeko beharra adierazi zuten. Hala, foru aldundiari eskatu die “ardura guztia Telefonikaren gain utzi beharrean, bere ardura hartu eta herriko eskariak Telefonikari exijitzeko”.
Udalak adierazi du “programak eskualdeko kohesiorako zerbitzuen hobetzea” bilatzen duela. Hala, programan parte hartzeko asmoa erakutsi dute, eta baita “helburuekin bat” egiten dutela argitu ere. Gai hori argitzeko, foru aldundiko teknikari batekin elkartzeko eskaera ere egin zuten.