Ondarroa eta Isuntza arraun taldeak izango dira ETE ligako lehen estropadetan asteburuan [ekainak 20 eta 21]. KAE 2 ligan, Mutrikuko trainera ariko da zapatuko [ekainak 20] lehian.
Astilleroko uretan emango diete hasiera ETE eta KAE 2 ligei zapatuan [ekainak 20]. Lea-Artibaik ordezkariak izango ditu liga bietako lehen estropadan, izan ere, Ondarroa eta Isuntza emakumeetan eta Mutrikuko trainera gizoneetan, lehen jadunaldia egingo dute Astilleron. Zapatuan martxa hartuta, emakumezkoek domekan [ekainak 21] izango dute ligako bigarren estropada, Pasaian.
Hamalau estropadatan lehiatuko dira Ondarroako eta Isuntzako trainerak Hondarribia, Kaiku, Zarautz, Hernani, Portugalete eta Deustoren aurka. Aurreko denboraldian laugarren postua eskuratu zuen Ondarroak amaierako sailkapenean. Postu bi atzeragu geratu zen Isuntza, hala, talde iazko postuak hobetzeko asmoz ariko dira lehian. Orain arte egindako lana erakustera datoz ondarrutarrak, eta ohorezko txandan lehiatzera heltzeko asmoa erakutsi dute: “Hondarribia eta Zarautz dira indartsuenak, eta ohorezko txandako beste bi lekuak Kaiku, Isuntza eta gure artean egongo dira”.
Denboraldi berria indarrez hartzeko gogoz datoz lekeitiarrak ere. Bigarren urtez jarraian ariko dira ETE ligan, eta aurten “sentsazio hobeekin” uretaratuko dute trainerua. Emaitzei begira, iaz baino hobeak izatea espero dutela aitortu dute, hala, “aurtengoa aurreko denboraldia baino hobea izatea” dute helburu nagusi. Ohorezko tanda “hurbilago” badago ere, beheko txandan aritzea aurreikusten dute, eta bertan, “aurretik ibiltzea espero dugu”.
KAE 2 ligan izango da Mutriku. Busturialdea, Castro, Camargo, Portugalete, Deusto, Lutxana eta Laredo izango ditu aurkari. “Herriko jendearekin, zerotik hasi denarekin” osatu dute taldea mutrikuarrek. Lan handia egin dute teknika irakasten eta ikasten, eta orain, “ilusio handiz” ekingo diote denboraldiari. Astilleroko estroapdan “gure lekua zein den” ikustera doazela adierazi dute, denboraldia hasi eta konpetitzeko gogo handiekin.