Ligako lehen arraunkadak eman dituzte etxeko taldeek
ETE eta KAE 2 ligetako lehen estropadak lehiatu dituzte asteburuan [ekainak 20 eta 21] Astilleron eta Pasaian. Bi jardunaldi jokatuta, sailkapen nagusian bosgarren eta seigarren postuetan daude Ondarroa eta Isuntza, hurrenez hurren. KAE 2 Ligako lehen jardunaldian, seigarren postua bereganatu du Mutrikuk.
Ondarroako trainera Astilleron.Bermeo Arraun Argazkiak Ondarroako eta Isuntzako trainerek ETE Ligako lehen estropadak lehiatu zituzten joan den zapatuan eta domekan [ekainak 20 eta 21], hurrenez hurren, Astilleroko eta Pasaiako uretan. KAE 2 Ligako lehen estropada ere jokatu zuten Astilleron, eta bertan eman dituzte trainerek lehen pausuak sailkapen orokorrean.
Hondarribia, Kaiku eta Zarautz oso parekatuta ibili ziren Astilleron lehiatu zuten lehen estropadan. Eguneko ziaboga bakarreko biraketa 00.06.00ko denboran egin zuten hirurek, hala, bigarren eta azken luzea izan zen irabazlea erabaki zuena: zarauztarrek egin zuten marka onena, egin beharrekoak 11.18,34ko denboran burutuz. Hondarribia bigarren, Kaiku hirugarren eta Deusto laugarren geratu ziren. 11.35,22ko denboragaz, bosgarren postua lortu zuen Ondarroak, lau puntuak eurenganatuz . Zazpi segundu gehiago behar izan zituen Isuntzak, eta eurena izan zen hiru puntu eman zizkien seigarren postua. Hala, Hernaniko eta Portugaleteko trainerek bete zituzten azken bi postuak.
Pasaian jokatu zuten ETE Ligako bigarren jardunaldia, eta bi txandatan aritu ziren emakumezkoen trainerak 1,5 milietan. Aurreko eguneko estropadako postuak kontuan hartuta, Deustok, Kaikuk, Hondarribiak eta Zarautzek osatu zuten ohorezko txanda. Zapatuko ildotik jarraiki, Kaikuk, Hondarribiak eta Zarautzek guztiz parekatuta egin zituzten lehen bi ziabogetako biraketak, hala, azken luzean indarrak batu eta Hondarribiaizan zen azkarrena; 11.49,88ko denbora eginda, zortzi puntuak eurenganatu zituzten. Lehenengo txandan, denborarik onena egin zuten ondarrutarrek, eta 12.06,24ko denboragaz, lau puntu lortu zituzten. Postu bat atzera egin eta zazpigarren postua lortu zuen Isuntzak domekan; 12.34,60ko denboragaz, bi puntu gehitu dituzte sailkapen orokorrera.

Isuntza estropadan.Bermeo Arraun Argazkiak
KAE 2 Ligako lehen estropada ere hartu zuen Astillerok zapatuan. Mutrikuko trainera ligara bueltatu da, eta zapatuko lehian izan zen. Mutrikuarrek 22.38,96ko denboran egin zituzten lau luze eta hiru ziabogak; hala, seigarren postua eurenganatu eta sailkapenerako hiru puntu lortu zituzten. Castrok lortu zuen denborarik onena Astilleron 21.07,98ko denboran, eta Camargoko trainera izan zuen atzetik. Portugalete geratu zen hirugarren, Deusto laugarren eta Busturialdea bosgarren. Laredo eta Lutxana izan ziren azkenak hiru miliak osatzeko lehian.

Mutrikuko trainera estropadan.Bermeo Arraun Argazkiak
Sailkapen orokorra. Emaitzak horrela, ETE Ligako sailkapen nagusian 8 puntugaz amaitu du Ondarroak asteburua, eta 5 puntugaz, Isuntzak. Datorren zapatuan [ekainak 27], 11:00etatik aurrera ariko dira aurrez aurre emakumeen trainerak Elantxobeko Andran I. Ikurrina jokatzeko.
KAE 2 ligako lehen estropadan lortutako hiru puntuek sailkapen orokorrean seigarren postua eman die mutrikuarrei. Elantxobeko 38. traineru estropada jokatuko dute datorren zapatuan [ekainak 27], eta Mutrikuko Unebide 8. bandera, domekan [ekainak 28], biak 11:00etatik aurrera.
Etxeko taldeek jardunaldiak hasi baino lehen aurreikusitako helburuak bete ditzutela esan daiteke, ohorezko txandan ez bazen ere, lehen txandako postu onenetan egotea espero baitzuten.