"Begirunez egindako esperientzia sentikor bat" dauka gordeta Arretxinagako ermitak
Arratxinagako ermitako lanak amaituta, herritarrak gune berrituari ongietorria emateko batu ziren atzo [ekainak 25]. Kanpoaldean egindako lanez gain, barrualdeak eskaintzen duen esperientzia ezagutzeko aukera izan zuten.
Zerutxu Dantza Taldeko dantzariak, ermitari omenaldia egiten. Ereinotz bat Arretxinagako ermitari. Prozesu luze baten ostean, Markina-Xemeingo balio handiko gunearen zaharberritze lanak amaitu dituzte, hala, San Migel ermita eraberrituta ikusteko hainbat herritar batu ziren atzo arratsaldean. Herritarrez gain, Zerutxu Dantza Taldeak eman zion ongietorria gune berrituari.
Begibistakoak dira ermitaren kanpoaldean egin dituzten lanak. Ermitaren kanpoko hormak kareorez berritu dituzte, kolore eta ehundura bereizgarriak emanez. Eraikina bakarrik ez, alboan dagoen probalekua ere berritu dute eta ikusleentzako armailak jarri dituzte. Lanak amaituta daudela adierazteko, Alde Zaharrean egin zuten era berean lotu zioten ereinotza ermitari.
Kanpoaldekoaldekoak ikusita, barrualdean jarri zuten begirada. Honetarako, ermitara sartu baino lehen, Jon Astorkiza eta Joseba Beristain artistek hartu zuten hitza, erakinaren barnealdean egindako arte proiektu berritzaileari buruzko nondik norakoak azaltzeko. Astorkiza izan da proiektuaren grafiko zuzendaria, eta Arretxinagan egon zen lehen aldian sentitu zuen “konexio handia” aitortu zuen bere berbaldian. Horregatik, toki honetarako “begirunez egindako esperientzia sentikor bat” sortu du. Azalpenekin jarraitzeko, Beristainek hartu zuen hitza. “Tokiko natura elementuen soinuekin eta sintetizadoreekin jolastuz”, sortu du esperientzia bisualari balio gehigarri bat emango dion soinu paisaia. Sei bozgoragailuk osatutako instalazio bat sortu du, eta hala, “txikia den espazio bat handitu egiten du”.
Instalazioaz gain, ikus-entzunezko pieza bat eskaintzen digu San Migel ermitak. Bertaratzen direnek QR bat aurkitu eta horren bitartez helduko dira piezara. Eneritz Artetxe aktore gernika-lumotarrak gidatuko du ikuslea lau hizkuntzatan (euskeraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez) entzun daitekeen piezan. Ermitari eta hau inguratzen duen artearen historiari buruz ari da Artetxe ikus-entzunezko horretan, “bisitaria leku honen magiarkein, unibertsoarekin, naturarekin eta bizitzarekin lotzeko”.
Aurkezpena amaituta, ermitako ateak zabaldu zitzaizkien herritarrei, eta orduan izan zuten instalazioa ezagutu eta tokiarekin konektatzeko aukera. Bertaratzen direnek ermita zabalik dagoen artean izango dute esperientzia bizitzeko aukera.