Munitibar, kolorez eta musikaz beteta
"Herriko jendea elkartzeko" sanpedroak ospatuko dituzte gaurtik astelehenera arte Munitibarren. Zesta-punta eta esku pilotako finalek, zirku tailerrak, musika eskaintzak eta bazkariek osatuko dute lau eguneko egitaraua. Betiko ekintzak eta berriak uztartuz, herritarrek herrian geratzeko aitzakia ederra izango dute, datozen jai egunetan.
Herritik eta herriarentzat sortutako San Pedro jaiak hasiko dira gaur [ekainak 26] Munitibarren. Gaurtik astelehenera bitartean, udalak eta herriko eragileek antolatutako ekintzek herritarrak plazan zein frontoian batuko dituzte. Aurten, San Pedro jaiei egun bat gehiago eman, eta astelehenera luzatuko dute jaia.
Pregoia eta txupinazoagaz emango die hasiera lau eguneko egitarauari. Plazako karpan batuko dira munitibartarrak gaur, 19:00etan, pregoilarien berbak entzun eta jaien hasiera elkarregaz ospatzeko. “Pregoilaria aurkitzea kostatzen zaigu askotan, beraz, eskolako haurren esku uzteko erabakia hartu dugu”; hala, sanbizenteetan Lehen Hezkuntzako seigarren mailako gaztetxoek bota zuten bezala, lehen mailako haurrak izango dira sanpedroetan pregoilari lanak egingo dituztenak. “Irakurketa eta idazketa prozesuan hasiberriak” direla eta eureri “protagonismoa emateko modua” dela adierazi du antolakuntzak. Pregoiaren muinari buruz ez dute asko aurreratu, baina “ondo pasatzeko eta elkar errespetatzeko” mezua aurreikusten dute herritarrek.
Txupina botata, herriko gaztetxoek euskal dantzen emanaldia egingo dute plazan. Barikuro izaten dituzte entseguak, eta “ikasturte honetan ikasi dutena erakutsiko digute herritar guztioi”. Jaiari eten barik, aurten berreskuratu duten Pizza fest!-az gozatzeko aukera izango dute. Duela urte batzuk pare bat aldiz egin eta “ondo atera” zen ekintza da, urte batzuk beranduago berriro antolatu dutena: “Etxebarriko Antsotegi jatetxetik ekarriko dituzte pizzak, eta musikagaz girotuta, horiek dastatuko dira”.
Munitibarko Rookies Series final handira heldu da, eta bihar 21:30ean frontoian batuko dira herritarrak, lehiaren lekuko izateko. Ekainaren 6an eta 13an jokatu zituzten final-laurdenak, eta ekainaren 20ko finalerdietan erabaki zituzten gaurko finalistak. Txomin Landaluze markina-xemeindarra eta Xuban Galdos berriatuarra lehiatuko dira Haritz Egaña zumaiarraren eta Oinatz Agirregomezkortaren mutrikuarraren aurka. Txapelketak jardunaldi guztietan jaso duen “harrera ona” azpimarratu dute, eta ikuskizun handia ematera dator final handia.
Heldu zein gaztetxoentzako jaiak dira sanpedroak. Gaueko eskaintza helduei zuzenduta badago ere, zapatu eguerdia haurrentzako eskaintzagaz dator. 12:00etatik aurrera, zirku tailerra egongo da frontoian, Txitatokiren eskutik. Haurrei zuzenduta badago ere, “adin guztietako herritarrek” izango dute parte hartzeko aukera.
Herriko jendearentzako jaiak dira sanpedroak. “Herriko jendea elkartzeko” helburuagaz egiten dute lan Munitibarko Udalak eta eragileek, eta zapatuko herri bazkaria izango da elkartze horren isla. 210 lagun batuko dira bazkarian, eta, horren ostean, bingo musikatuagaz emango diote jarraipena jaiari. 19:00etan musika jarriko dute kalean, 21:00ean Iratzar erromeria hasi arte.
“Herriko talde askoren topaleku” da Habixi Elkargunea, eta, herriko “ekimen eta ekintza guztietan” parte hartzen duen bezala, aurtengo jaietako antolakuntzan buru-belarri murgilduta egon da. Asteburuan zabalik egongo da, eta zapatu gauean DJ Zatzaz egongo da Habixi girotzen, bertan bilduko direnen gozamenerako.
Urdaibai Kantagunea izango da domekan 13:00etan hasiko duten kopauari musika jarriko diona. Arratsaldean San Pedro txapelketako esku pilota finalak izango dituzte frontoian, 17:00etan. Astelehenean amaituko dute jaia, eta bazkari berezia antolatu dute azken egunerako. Adineko herritarrak elkartzeko helburua du bazkariak, eta aurreko urteetan batu izan dituen bezala, ohituragaz jarraitzeko.
Jendearen parte hartzearen garrantzia azpimarratu du udalak: “Herriko kuadrilla guztiak inplikatzen dira, bai aurretik egin beharreko lanetan, bai jaiek dirauten artean”. Horien garrantziaz eta beharraz ere aritu dira: “Kuadrillaka edo banaka apuntatzen dira herritarrak ardura banaketa egiten dugunean, eta esan beharra dago boluntario eta pertsona konprometitu asko agertzen direla”.
Hala, Munitibarrek urtero sortzen den “giro ederra” espero dute gaur arratsaldean hasiko dituzten sanpedroetan.
- Gaur, ekainak 26
- 19:00. Pregoia eta txupinazoa, plazako karpan.
- Ostean. Herriko gazteen eskutik, euskal dantzak plazan.
- 20:30. Pizza fest! musikagaz girotuta, plazako karpan.
- 21:30. Rookies Series zesta-punta txapelketako finala, frontoian.
- Bihar, ekainak 27
- 12:00. Zirku tailerra, Txitatokiren eskutik, frontoian.
- 14:30. Bazkari herrikoia, frontoian.
- Ostean. Bazkalostea girotzeko bingo musikatua.
- 19:00. Kale musika, herriko plazatik.
- 21:00. Iratzar erromeria, plazako karpan.
- 00:30. DJ Zatzaz, Habixi elkargunean.
- Etzi, ekainak 28
- 13:00. Kopaua, plazako karpan.
- Bitartean. Urdaibai Kantaguneak girotuko du kopaua.
- 17:00. San Pedro txapelketako esku pilotako finalak.
- Ekainak 29, astelehena.
-
- 14:00. Adineko herritarren bazkaria, Lea tabernan.