Eguzkik ez du begi onez ikusi dragatze lanak bainu garaian egitea
Eguzkik dragatze lanak uda garaian egitea salatu du. Horren harira, Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzari helaraziko dio kexa talde ekologistak.
Dragatze lanak egiten Ondarroan. Eguzki. Eguzki talde ekologistak ez du “begi onez” ikusi Ondarroan Artibai ibaiko eta kirol portuko dragatze lanak udako bainu garaian egitea; izan ere, uraren kalitateari kalte egiteko arriskua dagoela argudiatu du: “Dragatze lanek ibaiko hondoko lohia ateratzen dute, hortaz, kukañatik gertu dagoen bainu guneak itxita egon beharko luke. Ez dugu logikoa ikusten garai honetan egitea aipatutako lanok”.
Eguzkik azaldu du, dragatze lanak “beharrezkoak” direla, eta argitu du, ez dagoela lan horiek egitearen auka: “Ez gaude ados lanak ekainean eta uztaileaz egiteaz. Ez da gai honen bueltan kexatzen garen lehen aldiz. Zergatik ez dira udan lan horiek egiten bainuan eraginik ez duten kostaldeko beste eremu batzuetan?”.
Era berean, Eguzkik URA agentziaren moteltasuna ere kritikatu du: “Ekainaren 24an egoeraren berri eman genion, eta oraindik ez dute inolako prebentzio neurririk hartu. Beraz, jarduera horiek etorkizunean ez errepikatzeko helburuagaz, Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzari gutuna bidaliko diogu, gure kexaren berri emateko”.