Euskarazko kultura, emakume sortzaileak eta herriko guneak dira protagonistak Udako Kultura Saltsan
Programan musika, antzerkia, argazkilaritza eta abentura jarduerak batuko dira.
Aulestiko Udalak, Kultura Batzordeak eta Lea arreko Mankomunitateak antolatuta, Udako Kultur Saltsi eskainiko du uztailean. Euskarazko kultura, emakume sortzaileak eta herriko guneak izango ditu protagonista. Musika, antzerkia, argazkilaritza eta abentura jarduerak batuko ditu.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Udako Kultur Saltsi ez da ekitaldi soltea, baizik eta urteetako lanaren emaitza. Uztaila kulturaz betetzea da asmoa, adin guztietara zuzendutako ekintzekin eta euskararen erabilera ardatz nagusi hartuta. “Lehenengo irizpidea beti da euskaraz sortzen duten artistak ekartzea. Horrez gain, emakumeen presentzia bermatzen saiatzen gara, eta ahal den neurrian eskualdeko sortzaileei ere lekua ematen diegu”.
Egitaraua osatzeko orduan, antolatzaileek nabarmendu dute lehentasuna ematen dietela “euskaraz lan egiten duten sortzaileei”. Horregaz batera, emakume artistek protagonismo handia izatea bilatzen dute urtero. Horren adibide dira aurtengo protagonistetako batzuk: Miren Narbaiza musikari ezaguna; Aiza eta Olatz Ondarroako bikote gaztea eta Amaiur eta Uxue eskualdetik sortutako bikotea. “Askotan oraindik oso ezagunak ez diren artistei aukera eman nahi diegu”.
Aurtengo berrikuntzetako bat Tongola antzezlana izango da; Ugaitz Alegria eta Ainhoa Etxebarriaren lana Lea Ibarreko Mankomunitateko Kultura Sailak antolatu du. Bestalde, VIII. Argazki Rallya ere itzuliko da. Zortzigarren ekitaldi horretan parte hartzaileek egun berean emango diren gaien inguruko argazkiak egin beharko dituzte, eta jardunaldiaren amaieran aurkeztu. Irabazleek herriko merkataritzan erabiltzeko sariak jasoko dituzte, “tokiko ekonomia sustatzeko asmoz”.
Uztailaren 28an egingo diren Abentura Jolasak ere egitarauaren parte izango dira. Aulestiko aparkalekuan egingo den jardueran parte hartzaileek tirolinak, rappelak, zirkuituak eta uragaz lotutako erronkak izango dituzte. Jarduera horretan parte hartzeko, aurrez izena ematea baino ez da egin beharko.
Udako Kultur Saltsaren beste helburu nagusietako bat da kultura herriko espazioetara eramatea. Horregatik, kontzertuak eta emanaldiak ez dira areto bakar batean egingo, baizik eta parkean, Ubilla tabernan, Ilunzar tabernan eta aretoan banatuko dira. “Ez dugu kultura aretoetara bakarrik mugatu nahi. Jendea herriko tabernetara eta espazioetara eramatea ere bada gure helburua”. Egitarau osoko jarduera guztiak doakoak izango dira.
Egitaraua:
- Uztailak 7 [martitzena]. Miren Narbaiza kontzertua, 19:30ean, parkean.
- Uztailak 10 [barikua]. Tongola bakarrizketa, 19:00etan, aretoan.
- Uztailak 14 [martitzena]. Aiza eta Olatzen kontzertua, 19:30ean, Ubillan.
- Uztailak 21 [martitzena]. Amaiur eta Uxueren kontzertua, 19.30ean, Ilunzarren.
- Uztailak 26 [domeka]. VIII. Argazki Rallya, 11:00etan, Ubillan.
- Uztailak 28 [martitzena]. Abentura jolasak, 17:00etan, parkean.