Martin Deunaren ospakizunetan murgilduko dira Ispasterren
Zapatuan [uztailak 4] baselizaren inguruan elkartuko dira herritarrak, goizean zein arratsaldean.
Ohitura zaharrei jarraituz, Ispasterko Udaleko Jai Batzordeak Martin Deunaren jaiak ospatuko ditu beste urte batez. Ospakizunak zapatuan [uztailak 4] egingo dira, baselizaren inguruan. Betiko legez, mezagaz emango diote hasiera egunari eta, ostean, Mirari Azkunek eta Ispasterko trikitixa ikasleek eta pandero-jotzaileek “girotu eta alaituko” dute eguerdia beraien doinuekin. Esku-Txa txalaparta erakustaldiak musikatuko du goiza gero.
Arratsaldean, berriz, Mus eta Briska txapelketak jokatuko dituzte. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu mus txapelketan parte hartzeko eta 10 euro, aldiz, briskan jokatu ahal izateko. Sariei dagokienez, lehenengo sailkatuek txapela eta batutakoaren %50 irabaziko dute, bigarren sailkatuek batutakoaren %30 eta hirugarren sailkatuek, azkenik, batutakoaren %20.