Pintura lehiaketa egingo da Ispasterren, uztailaren 12an
"Ispaster eta bere jendea" gaia hartuta, edonork parte hartu ahal izango du lehiaketan.
Ispasterko Udalak pintura lehiaketa prestatu du uztailaren 12rako [domeka], eta bertan, nahi duten artista guztiek parte hartu ahal izango dute.
Antolakuntzak parte hartzaileek kontuan izan beharreko argibide batzuk eman dituzte: lehiaketa egunean, nork bere margo-oihala eraman beharko du (08:00etatik 10:00etara margo eta oihalen zigilua jarriko dute herriko frontoian). Lanak 13:30etik 14:00etara aurkeztu behar izango dira, bakoitza bere astoagaz, ondoren egingo den erakusketarako. Obrak aire zabalean egin beharko dira Ispasterko udalerrian, Ispaster eta bere jendea gaiari jarraituz. Erabilitako teknika guztiz librea izango dela jakinarazi dute. Antolakuntzak izendatutako epaimahaiak erabakiko ditu sariak, eta erabakia apelaezina izango da.
Sari banaketa 14:30ean egingo da. Sariak hiru kategoriatan banatuko dira: nagusiak, gazteak eta haurrak, eta kategoria bakoitzean lehen hiru sailkatuak sarituko dira diru sariekin edo pintura maleta bategaz. Horiez gain, bi sari berezi ere emango dituzte: Brotxe Librea saria –500 euro–, Albert Oehlenek emandakoa, eta Naño-Barainka baserriak babestutako beste 500 euroko saria. Azkenik, emandako sari guztiak Ispasterko Udalaren jabetzara igaroko dira.
Lehiaketan aurkeztutako lanen artean hautaketa egingo da, eta aukeratutako obrak Iñigo Egiluze lokalean egongo dira ikusgai, abuztuko lehenengo bi asteetan, saltzeko aukeragaz.