Udan ere egongo da zertaz gozatu Mutrikuko Gaztetxean
Udako egitaraua argitaratu du Mutrikuko Gazte Asanbladak. Denetariko ekintzak egongo dira gaztetxean, eta baita hortik kanpo ere.
Mutrikuko Gaztetxeak 25 urte bete dituen honetan, hilabetekako egitarauak antolatzen dabiltza gazte asanbladatik. Hala, oraingoan, udako egitaraua argitaratu dute. Atzo eman zioten hasiera, II. Pala txapelketako lehenengo partidekin.
Pala txapelketa Azkia eta Emakume Palistak taldearekin elkarlanean antolatu du gazte asanbladak, bigarrenez. Atzo [uztailak 1] hasi ziren partidak eta uztailean jokatuko dira: “31 bikotek eman dute izena pala txapelketan; guztira, 60 pertsonatik gora. Oso pozik gaude herrian izandako arrakastarekin”. Finalak Malen jaien bezperan izango dira, uztailaren 20an.
Egitarauarekin jarraitzeko, barikuan [uztailak 3] Bertsotrama egongo da gaztetxean: “Tradizioa bihurtu da bertsotrama, eta aurtengo udan ere bere lekua edukiko du. Urtero jende gehiago batzen da eta sekulako giroa sortzen da”. Mutrikuko herriarekin zerikusia daukaten gaiak jartze ditu gai jartzaileak, eta “umorea” dago erdigunean, “gaur egungo problematikekin ere lotura izaten dute gaiek”. Hurrengo egunean, zapatuan [uztailak 4], Aquagym saioa egongo da igerileku naturalean, 12:00etan: “Iaz egin genuen lehen aldiz, eta adin guztietako jendea animatu zen”. Aurten, bi aldiz egingo dute; lehenengoa, zapatuan, eta bigarrena, abuztuaren 1ean.
Uztailaren 21etik 25era bitartean, Malen jaietan murgilduko dira mutrikuarrak, eta egun horietan ere zabalik egongo da gaztetxea: “Bizixo Jai Batzordea hilabete luzez dabil lanean Malen jaiak antolatzen, eta uztailaren 22an, gazte asanbladatik bertso poteoa antolatuko dugu, jai batzordearen egitarauaren barnean joango dena. Horrez gain, lau egunetan irekita egongo da gaztetxea, eskaintza biribilarekin”.