'Zaborrik gabeko kostaldearen alde' ekimenak Gipuzkoako kostaldea zeharkatu du
'Zaborrik gabeko kostaldearen alde' ekimenaren barnean, Jon Aztiria mendi korrikalariak Gipuzkoako kosta zeharkatu du korrika, 100 kilometroko erronka burutuz.
Jon Aztiria Ondarroatik Saturraranera doan Arbide pasealekuan. Gipuzkoast. Mater ontziak eta Itsas Zaintza Sareak Zaborrik gabeko kostaldearen alde ekimena bultzatu dute, Zaindu zure ingurua, egin zure bidea lelopean. Ekimenean, Jon Aztiria mendi korrikalariak Gipuzkoast 100K erronka eraman du aurrera: 100 kilometroko ibilbidea egin du egun batean, Gipuzkoako kostaldea zeharkatuz, Hendaiatik Ondarroaraino. “Aztiriaren buruan jaiotako proiektua da, kostaldeko zati guztiak banan-banan korrika probatu ondoren. Helburua gaur arte egin ez den mugarri bat lortzea izan da: Gipuzkoako kostalde osoa etengabe egun bakar batean lotzea, Lapurditik abiatu eta Bizkairaino iritsiz, 100 kilometroko muga biribila gainditzeko”.
Antolatzaileek azaldu dutenez, korrikalariak “arrakastaz” osatu zuen Hendaia eta Ondarroa batzen dituen ibilbidea, egun bakar batean, 100 kilometro baino gehiago eginez, eta 3.100 metro baino gehiagoko desnibel positiboa gaindituz. Helburua, mezu argi bat zabaltzea izan da: “itsas kutsaduraren aurkako borrokak gizartearen inplikazioa eta zuzeneko ekintza behar ditu”.
13.5 orduz egin zuen korrika Aztiriak joan den asteburuan; 16 ordu hornidura guneak kontatuta. Hendaiatik 06:00etan atera eta 22:00etan iritsi zen Ondarroara, “urteko eguzki ordu gehien dituzten egunak aprobetxatuz”. Ibilbidean, korrikalariak 13 pertsonen konpainia izan du, kausarekin bat egin dutenak. Gainera, korrikalaria Pasaiara heldu zenean, hainbat lagunek egun zuten bat Mater eta Itsas Zaintza Sareak antolatutako plogging ekintzarekin: “Jardunera horretan 271 objektu bildu ziren; horien artean, zigarro mutxikin asko, paperezko zapiak eta elikagaien zein gozokien ontzietatik eratorritako plastiko zati txikiak. Gaur egun, kostaldeko bost kilometro garbiago daude zaborra jasotzea bezalako keinu soil bati esker, gure kabuz sortu ez duguna baina erantzukizun kolektiboaren parte dena. Era berean, kostaldeko ibilbide osoan, aipagarria izan da kirol osagarrien plastikoen presentzia, eta mendizaleek komunera joateko erabiltzen dituzten eta jasotzen ez dituzten paperezko zapiena”.
Jon Aztiriak egindakoa erronka soil bat baino gehiago dela azpimarratu du: “Mater ontzi museo ekoaktiboarekin elkarlanean egiteak mezu sakon eta beharrezkoa ematen dio ekimenari, gaur egungo gizartean ingurumenaren eta itsasoaren zaintzaren kontzientzia zabaltzea baita helburu”.
Materrek boluntario guztien parte hartzea eskertu du, baita Itsas Zaintza Sarea osatzen duten erakundeen arteko elkarlana ere: “Haien laguntza funtsezkoa izan da sentsibilizazio eta zientzia herritarreko ekintza hau posible egiteko”.