"Indarrez, kemenez eta gogoz" erantzuteko beharra du Lea-Artibaik
Euskal Herriko eskualderik euskaldunena da Lea-Artibai; lurralde guztian, arnasgune den bakarra. Hala ere, Siadecok UEMAren enkarguz egindako euskararen egoerari buruzko azken ikerketako datuetan oinarrituta, izate horri eusteko aparteko ahalegina egin beharko du LeaArtibaik. Euskararen erabileraren beheranzko joera gelditu eta iraultzen ez bada, laster galduko da arnasgune izaera.
UEMAren eskariz Siadecok egindako proiekzio demolinguistikoak ondorioztatu duenez, gaur egun euskarak hartu duen joerak horrela jarraitzen badu, “hemendik hamar urtetara ez da euskararentzat arnasgunerik exististituko”. “Kezka handiak sortu ditu ikerketak”, eta horren aurrean, eremu euskaldunenerako estrategia bat proposatu du UEMAk; alde batetik, lanketa politiko bat proposatu dute, bestetik, lanketa hori herrietara eraman, gizarteratu, eta herrigintzan estrategia horren aldeko konpromisoak indartzea da helburua. Horretarako sortu dute, beraz, Esnatu dinamika, Euskal Herri mailan egiten ari diren bezala, eskualde mailako eragileei konpromisoak eskatzeko, Lea-Artibaik eurkararen arnasgune izaten jarraitu dezan.

Udaletako ordezkariak Markina-Xemeinen batu ziren Esnatu dinamikaren aurkezpen ekitaldian.
Lea-Artibai Euskal Herrian arnasgune den eskualde bakarra dela azaldu dute June Furundarena eta Haize Elizondo UEMAko tenikariek. Eskualdeko datuak “oso onak” direla aitortu badute ere, euskararen erabilera hartzen ari den joerak “alarma gorriak” piztu dituela ohartarazi dute: “Iñaki Iurrebasoren testiak oso diagnostiko sakona eman digu, eta ikusten dugu gauzak asko aldatu daitezkela euskararen kalterako”. Horren aurrean, elkarlanaren, eragiletzaren eta saretzearen aldeko apustua egin dute.
“Eskualdeko herri guztietan ditugu min eta kezka berdinak, eta indarrak batzea erantzukizunez jokatzea eta egin beharrekoa egitea” dela adierazi du Maite Rey Ondarroako euskara tenikariak. Indarrak batzera begira, UEMAren proposamenez, Ondarroako Kofradia Zaharrean elkartu eta Lea Artibaiko Euskararen Sarea sortzea erabaki zuten Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar Ondarroa eta Ziortza-Bolibarko udalek eta udaletako euskara tenikariek. Sareak ekarriko dituen emaitzak ikusteko badaude ere, “erre beharreko kartuxoa dela” aldarrikatu du Reyk.
Esnatu dinamikaren baitan behin eta berriz errepikatzen da Lea-Artibairen arnasgune izaera, eta hori mantentzearen “aparteko garrantzia”. Euskararen aldeko inertzia du Lea-Artibaik, izan ere, etxean euskaraz ez dabiltzan gazteak “oso errez eta gaitasun handiekin” euskalduntzen dira kalean. Lea-Artibain euskaraz harremantzea “arau soziala” da gaur egun, hala ere, erabilerak behera egiten badu, gaitasunak ere behera egingo duela ohartarazi du Elizondok.
June Furundarena: “Lea-Artibaitarrek naturaltasun horretatik ahalduntzera eman behar dute pausua; gaitasun hori beste eremu batzuk euskalduntzeko erabiltzeko”.
Hori horrela, Lea-Artibaiko herritar, eragile eta udal ordezkariak ezin dira “datu onen” aurrean lasaitu. Furundarenak “hiztun ahaldunduen” eta inertziatik kontzientziara egin beharreko jauziaren beharra azpimarratzen du: “Euskararen erabilera oso indartsu dagoen lekuetan gertatzen da jende asko inertziaz dela euskalduna, eta bere ingurunean euskarari eusten diola. Baina, ez badugu kontzientzia lantzen, aldaketa txiki baten aurrean edo eremu erdaldundu batera joatean, euskarari eusteko aukerak txikiagoak izango dira”. Hala, Lea-Artibaitarrek naturaltasun horretatik ahalduntzera eman behar dute pausua; gaitasun hori beste eremu batzuk euskalduntzeko erabiltzeko.
Ander Goikoetxea Lekeitioiko zinegotziak kaleetan ikusten du datuek osatu duten argazkia: “Lekeition euskaraz bizi gara, baina egia da gure herrian erabilera baxuagoa dela gaienerako herriekin konparatuta”. Alaitz Uskola Mendexako zinegotziak ere argi du zein den egoera: “’Guk erderaz ez badakigu’ esaten du jendeak, baina gure herrian, herri erabat euskaldun honetan, nahi eta behar duguna baino gaztelera gehiago entzuten da”. Uda garaian gazteleraren erabilerak gora egiten omen du Lekeition. Horren aurrean, kontzientziaren eta euskara aukeratzearen aldeko aldarria egiten du: “Bisitari asko jasotzen ditugu, eta askok hori erabiltzen dute aitzakia moduan, baina hor guk eutsi behar diogu gureari. Udan erdera gehiago entzuten badugu, ez dadila gure artean izan”.
Alaitz Uskola: “’Guk erderaz ez badakigu’ esaten du jendeak, baina gure herrian, herri erabat euskaldun honetan, nahi eta behar duguna baino gaztelera gehiago entzuten da”.
Ondarroan ere antzekozten ari da joera. Maite Reyk euskara tenikariak argi ikusten du euskararen egoerak arduratzen duen edozein kaletik badabil, segituan antzemango duela gero eta gaztelera gehiago entzuten dela. Gaur egungo ohiturek eta nagusitzen ari diren plataformek entretenimendua beste hizkuntza batzuetan kontsumitzera bultzatzen gaitu, eta arduraz erreparatzen dio kontu honi: “Euskera da gure ardatza, eta hori galtzen ari denaren sentsazioa daukat”.
Irtenbiderako lehen pausua, beraz, kontzientzia lantzea da. Goikoetxeak azaltzen duen bezala, Lekeition “umeei eta gazteei esker ditu euskeraren erabilerak datu onak, baina 45 urtetik gorako jendearen ia erdia erderaz dabil kalean. Jendea euskeraren alde dago, baina ez du euskeraz egiten. Herritarrak ez badira horretaz konturatzen, arazo handiago bat izan dezakegu”. Horren aurrean, Esnatu dinamikak erantzukizuna eskatzen die herritarrei: “Beti daukagu euskeraz egiteko aukera, bai kafe bat eskatzean, eta baita lagun arteko elkarrizketa baten ere. Hor daukagu gure alea leku baten edo bestean jartzeko aukera”.
Maite Rey: “Gaur egungo politikari astindu bat emateko sasoia da”.
Egundo egoerari erantzuten dioten hizkuntza politikak abiatzea “ezinbestekoa” dela adierazi du Haize Elizondok. Teknikariak azaldu duenez, beharrezkoa da lurgune euskaldunena berariaz babestea, “berau delako Euskal Herri osorako motore, eta ezinebstekoa da lege babes bat artikulatzea eta lurgune hori babesteko plan integral bat edukitzea. Horretxetan datza, hain zuzen, UEMAk proposatutako Lurralde estrategia”. “Gaur egungo politikari astindu bat emateko sasoia” dela aldarrikatu du Ondarroako euskara tenknikariak. Migrazio fluxuen eragina aipatu eta Euskal Herrira datozen pertsonek euskara ikasteko baliabideak izan behar dituztela aldarrikatu du: “Politika lagukoiagoak behar ditugu pertsonentzako eta hizkuntzarentzako, eta hori ez da udal mailako erabaki bat bakarrik”.
Ez bazatoz positibo, ez etorri esaldiagaz amaitu zuen UEMAk Esnatu dinamikaren aurkezpen ekitaldiko gonbidapen mezua. Gonbidapen hartan esandakoa berretsi, eta honela irudikatzen du Furundarenak aurretik dagoen bidea: “Gauza batzuk gure esku daude, beste batzutan, gure esku dago gauzak exigitzea. Orain, egoerak indarrez, kemenez eta gogoz erantzutea eskatzen du. Euskal Herria borroka bidez eta umore onez euskaldunduko dugu edo ez dugu euskaldunduko”.