
Bi estreinaldi garrantzitsu izan ditu ekainean Ainhoa Etxebarria ondarrutarrak: Primeraneko ‘Tamara ta Mara’ eta Telecincoko ‘Ella, maldita alma’. Aktorea bi esperientziez, erronka pertsonalez eta euskaraz produzitzearen garrantziaz aritu da. Hala, betidanik izan duen ametsa azaleratu du: noizbait Sara Montiel aktorearen papera egitea.

Euskal Herriko eskualderik euskaldunena da Lea-Artibai; lurralde guztian, arnasgune den bakarra. Hala ere, Siadecok UEMAren enkarguz egindako euskararen egoerari buruzko azken ikerketako datuetan oinarrituta, izate horri eusteko aparteko ahalegina egin beharko du Lea-Artibaik. Euskararen erabileraren beheranzko joera gelditu eta iraultzen ez bada, laster galduko da arnasgune izaera.

Maribel Aiertza idazle etxebarritarrak ‘Fashion’ eleberria argitaratu du, moda industriaren alde iluna, sare sozialen eragina eta gazteen zaurgarritasuna uztartzen dituen thrillerra. Hausnarketarako espazioak zabaldu nahi izan ditu.