"Bost euroko kamiseta baten atzean zer dagoen kontatu nahi nuen"
Maribel Aiertza idazle etxebarritarrak ‘Fashion’ eleberria argitaratu du, moda industriaren alde iluna, sare sozialen eragina eta gazteen zaurgarritasuna uztartzen dituen thrillerra. Hausnarketarako espazioak zabaldu nahi izan ditu.
Maribel Aiertzak gazte literaturaren arloan lan berria aurkeztu du: Fashion. Eleberriak Maddi izeneko nerabe baten desagerpena kontatzen du, baina misteriozko istorioa baino askoz gehiago da. Idazlearen esanetan, “desagerpena ihesa da”, sare sozialen bidez ezagututako pertsona bategaz maitemindu den gazte baten istorioia. Liburuak maitasunaren idealizazioa, manipulazioa eta identitatearen bilaketa lantzen ditu.
Idazleak nabarmendu duenez, eleberriaren abiapuntua eguneroko galdera sinple baina sakona izan zen: “Bost euroko kamiseta bat erosten dugunean, inoiz galdetzen diogu geure buruari nork egin duen eta zer baldintzatan?”. Horrek moda azkarraren industriaren inguruan ikertzera eraman zuen, eta dokumentazio lan horretan aurkitutako errealitateak eleberrian islatu du. Langileen eskubideak, emakume migratzaileen egoera eta ingurumenarekiko kutsadura dira jorratzen diren gai nagusietako batzuk.
Galdera horretatik abiatu da Fashion liburuaren sortze prozesua. Eusko Jaurlaritzaren gazte literatura beka bati esker, bederatzi hilabetez aritu da lanean, idazketa eta dokumentazio prozesu sakon baten barruan.
Fashion izenburuak berak iradokitzen duen bezala, modak pisu handia dauka kontakizunean. Hala ere, ez da pasarelen edo luxuaren inguruko istorio bat. “Moda aipatzen dugunean askotan distira eta joerak datozkigu burura, baina nik atzean dagoena erakutsi nahi nuen: esplotazioa, kutsadura eta ikusten ez ditugun errealitateak”.
Lotura naturala
Aiertzak azpimarratu duenaren arabera, modaren gaia sare sozialekin lotzea naturala izan da, gaur egun gazteen bizitzan presentzia handia baitu. “Influencerren munduan sartzerakoan, sare sozialak ezinbestekoak dira”, dio. Horregatik, eleberriak sareetako manipulazioa eta harreman digitalek izan ditzaketen arriskuak ere aztertzen ditu.
Gazteentzako literatura izan arren, helduei zuzendutako lana ere badela nabarmendu du Aiertzak. Bere helburua ez da entretenitzea bakarrik, irakurleari hausnartzeko eta gogoeta egiteko aukera ematea baizik. Horregatik, Fashion irakurri ondoren irakurleak kontsumoaren, sare sozialen eta eguneroko erabakien inguruan galderak egitea gustatuko litzaioke. “Denok gaude kontsumo sistema honetan sartuta. Kontua da ea galderak egiten dizkiogun geure buruari edo ez”.
Eleberria kaleratu berri duen arren, Aiertzak espero du laster ikastetxe eta institutuetako irakurketen zirkuituetan tokia izatea, bere ustez, gazteen artean eztabaida eta hausnarketa pizteko balio dezakeen obra delako.
Etorkizuneko proiektuei dagokienez, oraindik ez du nobela berri baten idazketa hasi, baina argi dauka zer behar duen berriro paperaren aurrean esertzeko. “Txinparta bat behar da beti. Jakin-mina pizten duen zerbait. Galdera berri bat. Hor hasten dira nire istorio guztiak. Hori da gakoa, sortzeko behar dudana”.