Dantzarte ballet eskolako Maitane Uribe omendu dute 'Uheri, ereinddakun oihartzune' ekitaldian
'Uheri, ereinddakun oihartzune' ekitaldiak ikusleak "hunkitu" ditu. Zapatuan, Ondarroako Dantzarte ballet eskolaren ibilbidea islatu zuten dantza bidez. Aurretik, dokumentala ere jari zuten.
Maitane Uribe, bere ikasle, ikasle ohi eta familiagaz.Paul Montoya. Uheri, ereinddakun oihartzune ekitaldiagaz, Ondarroako ballet eskolako ibilbidea erakutsi diote herriari, Maitane Uribe bertako irakaslea omenduaz batera. Zapatuan [abuztuak 4] herriko frontoian egin zioten omenaldia, eta antolatzaileek, ekitaldiaren balorazio “oso positiboa” egin dute: “Hunkigarria izan zen omenaldia”.

Lehenengo, Maitane Uriberi eskainitako dokumentala proiektatu zuten: “Bertan, besteak beste, Uribegaz lan egindakoan, ikasleak, ama eta alaba agertu ziren. Bere ibilbideari buruz hitz egin dugu dokumentalean, eta ikasleok ere, nola bizi dugun adierazi dugu”. Ondoren, hainbat koreografia egin zituzten, Maitane Uribek egindakoak: “Ikasle ohiak ere parte hartu zuten emanaldian, eta bere sasoian Uribegaz egindako koreografiak dantzatu genituen”. Hasieran, beragaz Txanpa dantza taldean ibilitako Agustin Etxebarria Urrosolo, Edurne Arantzamendi Goikoetxea eta Guruzne Anakabe Kaltzakortan agurra egin zioten Uriberi, “gaueko momentu hunkigarrienetako bat izan zen”. Gero, Bittore Lakari ere -Uriberen izebari- egin zioten aipamena: “Emanaldiak egiteko orduan Bittore Lakak, eta orokorrean, Artelanek bionboak egiten nola lagundu zion ere agertu zen“. Ondoren, ballet eskolako Laura Ingles irakasleak ere dantzan egin zuen, eta beste koreografia batzuen ostean, agurra dantzatu zuten dantzari guztiek batera: “Oso hunkigarria izan zen”. Amaieran, opariak eman zioten Uriberi, “egindako lana eskertzeko”: “Lore sorta eta txapela oparitu genion, eta udaletxeak zapia jarri zion”.
Hala, antolatzaileek omenaldiaren “balorazio oso ona” egin dute: “Ikusleen aldetik ere oso balorazio positiboa jaso dugu; beraz, gustura gelditu gara guztiok. Oso pozik gaude herriaren erantzunagaz, baita udalaren laguntzagaz ere”. Bestalde, Uribe “zur eta lur” gelditu zela azpimarratu dute: “Oraindik mezuak bidaltzen dabil, flipatu egin duela egin dugun lan guztiarekin. Sorpresa bat bestearen atzetik jaso zuela zapatuan, eta hunkituta eta eskertuta dagoela”.

Argazkia: Jon Burgoa.