Mutriku Master Series, mutrikuarrez beteta
Uztailaren 10ean eta 17an jokatuko dira finalerdiak, eta uztailaren 25ean jokatuko da finala.
Uztailaren 10ean hasiko da zestalarientzat garrantzitsua den beste hitzordu bat: Mutrikuko Master Seriesa. Udalerri pilotazalea izanik, betidanik izan du kirolak leku berezia. Gainera, aurtengo txapelketan argi islatuko da Mutrikuko pilotazaletasuna; izain ere, parte hartuko duten zestalarietatik sei izango dira bertokoak. Hori gutxi balitz, ligako bi liderrak ere bertan egongo dira: Eñaut Urreisti eta Oaia Otaño. Muruaitzen lehiatuko den txapelketa ligako denboraldiko zortzigarren txapelketa puntuagarria izango da, eta denboraldiko zortzi onenek Donostiako Final Fourean jokatuko dute, irailean.
Aipatutakoez gain, herriko ordezkarien artean daude Eneritz Lizardi, Mikel Mazisidor Manzi, eta Ekaitz eta Aratz Goxerri anaiak. Jai Alai Leagueko emakumeen zesta puntan, bigarren denboraldia da aurtengoa, eta bertan dabiltza Eneritz Lizardi eta Oaia Otaño. Otañok txapel bat eta bigarren bi postu lortu ditu, eta rankingean liderra da. Lizardi, berriz, Bilbon lortu zuen txapeldunordearen postua, eta txapel bat janzteko “gogotsu” dago.
Gainera, etxeko pilotariak elkarren aurka ariko dira. Otañok Maite Ortiz de Mendibilekin osatuko du bikotea, eta Lizardik, Ihart Arakistain izango du lagun Muruaitz frontoian.
Urreisti, Manci eta Goixerri anaiak ere “buru belarri” ariko dira txapelaren bila. Urreistik, iazko denboraldi “bikaina” egin ondoren, “panoramako berritasun nagusia” dela nabarmendu dute. 21 urterekin, banakako txapelketa nagusia irabazi zuen estreinakoz, eta Donibane Lohizuneko Cesta All Starra ere irabazi zuen. Horrez gain, Markina-Xemeingo Grand Slameko final handitik hurbil dago. Bestalde, urte zailagoa izan da Mancirentzat. Winterren izandako lesioaren ondoren, gutxinaka dabil bueltatzen. Hala ere, txapelketa honetan Ekaitz Mendizabal Goixerri laguna izango du alboan: Goixerri Ameriketara joan arte, umetatik bikote izan dira bi mutrikuarrak.
Bi anaiak ere “gogotsu” datoz Ameriketatik. Ekaitz eta Aratz Mendizabal Goixerri anaiak biak egongo dira Mutrikuko Master Seriesean. Anaia zaharrenak, Ekaitzek, bere lehen txapela jantzi zuen duela hamar egun Mungian. Miamiko Jam Arena frontoi laburrean jokatzen dute biak, eta denboraldia bertan egiten dutenez, ez daukate aukerarik Jai Alai Leagueko sailkapenean aurreko postuetan ibiltzeko. Hala ere, maila ona erakustera datoz biak.
EGUTEGIA
Uztailak 10, ostirala
- 19:30. Finalerdiak:
- Maite-Oaia vs Ihart-Eneritz
- Goitia-Aratz vs Barandika-Lekerika.
Uztailak 17, ostirala
- 19:30. Finalerdiak:
- Sorozabal-Maia vs Elaia-Alize.
- Goixerri-Manci vs Urreisti-Zabala.
- Uztailak 25, larunbata.
- 19:30. Finalak.