Itxas Soinua Musikaldiak formatu berria sendotuko du, bost kontzertugaz
1.500 eta 1.800 ikus-entzule artean biltzen dituen jaialdia barikuan [uztailak 10] hasiko da.
Itsas Soinua Nazioarteko MusikaldiaMusikaia Udal Musika Eskola Lekeitioko Itxas Soinua Nazioarteko Musikaldiak 46. aldia ospatuko du uztailaren 10etik 17ra bitartean. Duela bi urte martxan jarritako formatuari eutsiko diote aurten ere, eta egitaraua bi ataletan banatuko da berriro: Gau Klasikoak eta Gau Modernoak. Antolakuntzaren arabera, helburua da publiko zabalagoa erakartzea eta musika estilo gehiagori lekua egitea, musikaldiaren nortasuna galdu barik.
Gau Klasikoak barikuan, zapatuan eta domekan [uztailak 10, 11 eta 12] izango dira, 20:00etan, Lekeitioko elizan. Gau Modernoak, berriz, uztailaren 16an eta 17an egingo dira, ordu berean, Ikusgarri Zinema Aretoan.
Antolakuntzak azaldu duenez, orain dela bi urte erabaki zuten musikaldiari norabide berria ematea: “Lehen musika klasikoan ardazten zen, batez ere. Guk publiko gehiago erakarri nahi genuen eta gustu musikal desberdinei ere lekua eman. Horregatik banatu genuen musikaldia bi ataletan”. Antolatzaileen esanetan, bi egoitzen arteko banaketak ere zentzua du: “Elizak hobeto funtzionatzen du kontzertu klasikoetarako, baina estilo modernoagoek soinu azpiegitura berezia behar dute, eta horregatik Ikusgarri Zinema Aretoa aukeratu genuen. Iazko harreragaz oso pozik geratu ginen, eta aurten ere ildo beretik jarraituko dugu”.
Aurtengo Gau Klasikoak Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Gorka Hermosa akordeoilariak inauguratuko dituzte. Bi musikariek tradizioa eta gaur egungo konposizioak uztartuko dituzte, eta emanaldian Iholdi Beristain aktore eta abeslariak ere parte hartuko du. Bigarren egunean, Ahaire Ensemble laukoteak emakume konpositoreen lanak eskainiko ditu. Musikaia elkartearen arabera, aurten ikuspegi feminista ere txertatu nahi izan dute programazioan. Amaiera emango die Landarbaso Abesbatzak. Antolatzaileek nabarmendu dute koruek ezinbesteko tokia daukatela musikaldiaren historian, jaialdia Itxas Soinua Abesbatzatik sortu baitzen.
Gau Modernoak uztailaren 16an hasiko dira, Irati Bilbao eta Chiara Peloni musikarien emanaldiagaz. Hala, Musikaldiari amaiera La Quinta Plantak emango dio. Iker Figueroa lekeitiarraren proiektua da, eta afro-kubatar eta latino doinuak uztartzen ditu.
Antolatzaileek azaldu dute publikoaren erantzuna ona dela urtero, eta 1.500 eta 1.800 lagun artean biltzen dituela jaialdiak. Hala ere, gazteengana iristea erronka izaten jarraitzen duela aitortu dute. “Publiko heldua izaten da nagusi. Gazteak erakartzea da gure helburuetako bat, eta horregatik mantentzen dugu 25 urtetik beherakoentzako %50eko deskontua duen gazte abonua”. Sarrerak eta abonuak dagoeneko eskuragarri daude musikaldiaren webgunean, eta sarrera arruntak Lekeitioko Turismo Bulegoan ere erosi daitezke. Kontzertu egunetan bertan ere leihatila zabalik egongo da.