Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek udako jaia egingo dute zapatuan
Ondarroan egingo dute jaia, egun guztiko egitarauagaz. 20:00etan manifestazioa egingo dute, Zubi Barritik hasi eta Alamedaraino.
Maiatzaren 17aren harira, Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek murala egin zuten. Desbiauak. Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek Desbiauk Summer Edition deituriko udako jaia egingo dute Ondarroan zapatuan [uztailak 11]. Urteroko urtarrileko jaiaz gain, aurten, udan ere egiteko ideia izan dute lehenengoz,: “Udan ere desbiauon presentzia mantentzea beharrezkoa ikusten dugu. Gainera, sasoi honetan herrietako jaiak izaten dira gure eskualdean, eta hauetan, heteronorma zentroan egoten da beti. Beraz, oraingoan ere argi utzi nahi dugu gure helburua ez dela gure herriko jaietan integratzea, ezta jai giroan gure disidentzia onartzea ere. Ez dugulako normaltasunean integratu nahi, normaltasunagaz apurtu nahi dugulako. Beraz, beharrezkoa ikusten dugu udako jai heteromasiboen aurrean, disidentzia transfeminista aldarrikatzea: ez gara heterosexualekin batera dantzan egingo dugun lesbiana, gay eta lagunak. Bollera, marika eta trans anti heterosexualak gara”.
12:00etan emango diote hasiera egitarauari, Saturrarango hondartzan egingo duten Aquagym saioagaz. Ondoren, desfilea egingo dute Saturraranetik gaztetxera, musikagaz lagunduta. 14:00etan, marianitada egongo da gaztetxe kanpoan, eta gero, 15:00etan, bazkaltzeko batuko dira. Bazkaritan 50 lagun inguru batuko direla zehaztu dute Desbiauek.
Bazkalostea musika eta ur jolasekin luzatuko dute, eta 20:00etan manifestazioa egingo dute gaztetxetik Alamedara, Alde Zaharretik igarota: “Udako jai giroa kontuan izanda, beharrezkoa ikusten dugu zapatuan kaleak hartu eta hemen gaudela aldarrikatzea. Egungo testuinguru erreakzionario batean, hetero, zuri eta aberatsak ez garen denon kontrako erasoen gorakada nabarmena da. Beraz, inpunitatea seinalatzen jarraituko dugu; eta horretarako, beharrezkoa da mobilizatzea”. Behin mobilizazioa amaituta, kontrako noranzkoa hartu eta mobilizazioaren bide berdina egingo dute bide berdina egingo dute gaztetxerutz, baina oraingoan, karropoteoagaz lagunduta.
Gaztetxean emango diote amaiera egitarauari, eta horretarako, eskualdeko musika jartzaile eta DJak igoko dira oholtzara. Lehenengo Lumatzakek bere ikuskizuna eskainiko du, eta ondoren, MJPQren txanda izango da.
Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauetatik inguruko desbiau guztiak zapatuko jaira gonbidatu nahi dituzte: “Animatu zapatuan Ondarroako Gaztetxera. Gure arteko aliantzak egiteko beharrezkoak dira zapatuko jaia bezalako espazioak; beraz, etorri eta gozatu!”.