50. urteurrena ospatzeko Xemeingo Gau berezia antolatu du Xemein Abesbatzak
Abesbatzako gaur egungo kideak ez ezik, kide ohiak eta herriko hamaika talde ere elkartuko ditu aurtengo Xemeingo Gauak. Zapatuan [uztailak 11] 22:00etan Zelaian ipini dute hitzordua.
Xemein Abesbatzako kideak, 50. urteurrena ospatzeko bidaian.Xemein Abesbatza Xemein Abesbatzarentzat urte berezia da aurtengoa, izan ere, 50 urte beteko dira azaroan Arratzuko Jose Luis Lauzirikak abesbatza sortu zuenetik. Hori ospatzeko asmoz, ekintzaz betetako urtea aurreikusi zuten abesbatzako kideek aurtengorako, eta urteko unerik berezienetakoa helduko da zapatuan [uztailak 11]: Xemeingo Gaua.
Bi urtez behin antolatzen duten kontzertua da Xemeingo Gaua, eta berez iaz tokatzen zen arren, urteurrena dela eta urtebete atzeratzea erabaki zuten. Hala, sei dira orain arte ospatu dituzten Xemeingo Gauak, eta aurtengorako “prest” daudela adierazi dute; 22:00etan Zelaian jarri dute hitzordua.
Abesbatzako kideak ez ezik, beste hainbat taldek ere parte hartuko dute. Besteren artean, Abarka Antzerki Taldea, Zerutxu Dantza Taldea, Markina-Xemeingo Bertso Eskola, Xemeingo Gazte Ahots Abesbatzako kideak eta Ignacio Arakistain organo jotzaile azpeitiarra igoko dira oholtzara, eta zelan ez, bertan izango dira abesbatzako zenbait kide ohi ere: “Abarkako kideek eroango dute ekitaldiaren haria, eta Xemein Abesbatzak azken 50 urteotan esanguratsuak izan diren kantuak abestuko ditu”. Abestiak ez ezik, 50 urte hauetan bizi izandako anekdotek eta bizipenek ere edukiko dute tokia zazpigarren Xemeingo Gauan.
Hala, Karmen jaietarako berotzen hasteko punta-puntako kontzertuagaz gozatu ahalko dute herritarrek, eta abesbatzako kideek nahiz parte hartuko duten herriko taldeek bertaratzeko deia egin diete musikazaleei.
Urteurrena gogoz ospatzen
Abesbatzako kideak urtarrilean hasi ziren urteurreneko ospakizunekin, eta ordutik hainbat izan dira antolatu dituzten ekintzak. Xemeingo Ahotsak ziklo koralagaz hasi zuten urtea urtarrilean, eta abesbatzaren sortzaile Lauzirikari ekainaren 7an Arratzun egindako omenaldia izan da antolatu duten azken ekintza; tartean, Tolosara eta Carcasonara (Frantzia) nahiz Baionara bidaiatzeko tartea ere hartu dute. Urteko ekintzarik garrantzitsuenetarikoa Xemeingo Gaua izango den arren, horren ostean ez dira ospakizunak amaituko: besteren artean, argazki eta bideo erakusketa eta Xemeingo Eguna antolatuko dituzte.