Gure Zirkua uztailaren 25era arte egongo da Lekeition
Bermeon egon eta gero, Gure Zirkuak bederatzigarren denboraldiari jarraipena emango dio barikuan [uztailak 10], Lekeition.
Lekeitioko Gure ZirkuaLekeitioko Udala Gure Zirkuak Lekeitioko Herri Eskolako jolastokia hartuko du asteburuan. Astelehenean [uztailak 6] auzolanean egin zituzten muntaketa eta prestaketak, Lekeitioko Udalak egindako deiari erantzunda.
Uztaileko asteburuak ilusioz, barrez eta jendez beteko ditu Gure Zirkuak beste urte batez. Zortzi data iragarri dituzte. Barikuan [uztailak 10] emango die hasiera ikuskizunari, eta zapatua eta domeka [uztailak 11 eta 12] izango dira ondorengo hitzorduak. Uztailaren 17, 18, 19, 24 eta 25ean ere egongo da ikuskizunaz gozatzeko aukerarik. Lekeitioko emanaldien ostean, abuztuan Orion egongo da Gure Zirkua. Baterako nahiz besterako, sarrerak salgai daude www.gurezirkua.eus web orrian.
Aurtengo zirkuaren helburuetako bat udan helduen presentzia handitzea da: “Udan, gurasoek umeak bidaltzen dituzte zirkura. Horretan ekin behar dugu oraindik, helduak ere etorri daitezen. Udazken aldera edo neguan, berriz, planak beste modu batera egiten dira”.