Plater tiro txapelketa jokatuko dute Etxebarrian
Etxebarriko tiro zelaiak Esteban Espilla 'Muni' tiratzailearen V. memoriala hartuko du zapatuan [uztailak 11].
Oilagorra elkarteak antolatuta, Plater Tiro Txapelketa hartuko du Etxebarriak zapatuan [uztailak 11]. 09:00etatik 10:00etara entrenamendu saioak izango dituzte, eta 10:00etan emango diote hasiera Esteban Espilla ‘Muni’ tiratzailearen V. memorialari. Etxebarriko tiro zelaian elkartuko dira tiralariak; Lau-Nik enpresaren atzean, hain zuzen.
Izena egunean bertan eman beharko dute parte hartzaileek. Horrekin batera, seniorrek eta nagusiek 30 euro ordaindu beharko dituzte, juniorrek bost, eta herritarrek 10 euroren truke parte hartu ahal izango dute. Gazte eta jubilatuek doako parte hartzea izango dutela iragarri du antolakuntzak. Saioari dagokionez, tiratzaile bakoitzari 15 plater jaurtiko dizkio 15 metrora kokatuko duten robotak. Txapleketako tiro zuzendaria Francisco Etxebe izango da, eta araudiari dagokionez, EHTOFAk zehaztutakoa aplikatuko da.
Irabazlearentzat sari berezia prestatu du antolakuntzak, hala, emaitzarik onena lortu duen tiratzaileak 110€, Bermesoko pernila, ardo botila bi, txapela eta kartutxo kaxa bat jasoko ditu. Bigarren saritik hamargarrenera, 100 euro eta 20 euro arteko sariak banatuko dituzte, eta diruagaz batera, Salamankako txorizoa, ardo botila bi, gazta eta kartutxo kaxa bat jasoko dituzte. Gainerako partaideek eta junior eta beterano kategorietako irabazleek salamankako txorizoa, gazta eta bi ardo botila jasoko dituzte. Gainerako partaideek ere euren sariak eta opariak izango dituztela aurreratu du Oilagorra elkarteak.