"Bizitzeko modu bat" aldarrikatzeko pregoia
Eguaztenean hasiko dira Markina-Xemeingo Karmen jaiak, eta Artibai Mendi Taldeak izango du jaien hasiera iragarriko duen pregoia botatzeko ardura. 80 urte bete ditu taldeak, eta ospakizunez betetako urte honetan, aldarri bategaz datoz: «Guk ahal dugun artean jarraituko dugu, hala ere, norbait zuzendaritza hartzera datorrela ikusteko irrikan gaude».
Artibai Mendi Taldeko lagunak, Izaban egindako irteeran.Artibai Mendi Taldea Mendiarekiko maitasunak, lan gogorrak eta etorkizuna mendizalez betetzeko nahiak mantendu du bizirik Artibai Mendi Taldea. 80 urte
bete ditu Alpino taldeak 1946ko apirilaren 18an, euren lehen ekitaldi ofizialean, Maaxa-Kalamuan postontzia jarri zutenetik, eta gaur gaurkoz, elkarlanaren eta mendizaletasunaren erakusgarri dira Markina-Xemein eta inguruetan. Hala, Karmen jaietako erdigunean jarri du taldea herriko Jai Batzordeak, jaiei hasiera emateko eta uztailaren 15eko arratsalde hunkigarri horretan euren mezua lau haizetara zabaltzeko.
60 urte bete zituzten urtea ekarri du taldeak gogora egun hauetan. Orduan ere eurena izan zen pregoia irakurtzeko ardura, eta hogei urte beranduago, Jai Batzordeagaz eta markina-xemeindarrekin eskertuta agertu dira aukera hau beste behin emateagatik. Urte guzti hauetan egindako bide luzea azpimarratu eta taldetik pasa diren belaunaldi guztiak izango dituzte gogoan pregoia irakurtzeko momentuan. Gaur garkoz, 685 bazkidek eta 288 federatuk osatzen dute taldea, “Bizitzeko modu bat” aldarrikatzeko pregoia, hala ere, orain arte bezala bizirik iraun dezan, mendigoizaleen parte hartze aktiboa beharko dutela aitortu dute. Mendi talde batetik haratago doa Artibai Mendi Taldea. Urte askoren ostean, elkarlana eta adiskidetasuna dira, gaur-gaurkoz, taldea zutik mantentzen dituen zutabeak. 80 urte ez dira ahaleginik barik betetzen, eta mendiarekiko maitasunari esker hasi zena, urteekin eredu bihurtu da; 45 eta 30 urte bitarteko ibilbidea dute Marije Aransolok, Nere Sololuzek, Pedro Azpiazuk eta Jon Basterretxeak taldeko antolakuntza lanetan, eta orain, mendiak baino zerbait gehiagok lotzen ditu: “Kuadrilla bat gara, familia gara“.

Urte amaierako irteera, Akarregin.Artibai Mendi Taldea
“Hemen jarraitzen dugu lagun taldea garelako eta elkarregaz mendira joatea gustatzen zaigulako”, aitortu du Aransolok. Hala ere, taldeari jarraipena emateko nahia indartsu dago, eta jarraipen hori kolokan egoteak ikara sortu du taldearen baitan. Argitu dutenez, momentuz ez dago inor taldearen zuzendaritza hartu eta egindako guztiari jarraipena emango dionik. “Gauzak egotea nahi dugu, eta jendeari asko gustatzen zaio mendira etortzea. Umeen ibilaldia edo orientazio martxa ez dira plan soil bat, izan ere, jende asko batzen dituen ekintzak dira”. Mendiak batzen duen jende guztia kontuan hartuta, tristuraz begiratzen diote mendi talderik gabeko etorkizun bati.
Ondarroa, Lekeitio, Mutriku eta Debako mendizaleekin bat egin dute azken urteetan, izan ere, «batzeak indartsu egiten» dituela aitortu du Aransolok. Herritarrak eta herriak batzeko modua izan da mendia, eta gaur egun “oso ondo funtzionatzen dutela” aitortu dute. “Bizitzeko modu bat, filosofia bat” eraiki dute urte horietan guztietan: “Elkarri laguntzea eta astiroen doanari itxarotea gure izatearen baitan dago. Gaur egun dena egiten da erlojupean, beraz, mendian denek dute tokia, bizkor joan nahi dutenek edo astiro ibiltzera eta disfrutatzera doazenek. Gu mendiaz eta lagunekin gozatzera goaz“.
Karmen jaiak Markina-Xemein alaitasunez, kolorez eta musikaz betzera datoz aurten ere. Hala ere, jai giroa aldarrikapenez betetzea beharrezkoa izaten da beti; hala, Artibai Mendi Taldeak argi du euren aldarria: “Guk ahal dugun artean jarraitu egingo dugu, hala ere, norbait zuzendaritza hartzera datorrela ikusteko irrikan gaude“.
Eguaztenean izango dira Artibai Mendi Taldeko kideak Markina-Xemeingo Goikoportalean; Alarabiren jaitsieraren ostean, jaiei hasiera emango dien pregoiaren irakurketan.