50 lagun inguru batu ditu Desbiauk Summer Edition jaiak
Eguzkia, musika eta giro ona nagusitu dira Ondarroako Gaztetxean zein Saturraranen.
Desbiauk Summer Editionek Ondarroa hartu du gaur [uztailak 12]. Musika zein giro ona izan dira eguneko ardatz nagusiak. Urtarrileko jaiaz gain, aurten erabaki dute jaialdiari udako esentzia ematea, helburu argi bategaz: “Udan ere desbiauon presentzia mantentzea beharrezkoa ikusten dugu. Gainera, sasoi honetan herrietako jaiak izaten dira gure eskualdean, eta horietan, heteronorma erdigunean egoten da beti. Beraz, oraingoan ere argi utzi nahi dugu gure helburua ez dela gure herriko jaietan integratzea, ezta jai giroan gure disidentzia onartzea ere. Ez dugulako normaltasunean integratu nahi, normaltasunagaz apurtu nahi dugulako”.
Ekintzaz beteriko eguna ospatu dute 50 lagun inguruk. Saturrarango hondartzan hasi dute eguna Aquagym saio bategaz, bertan 30 lagunek parte hartu dute. Ostean, musikagaz girotuta, hondartzatik Gaztetxerako bidea egin dute, marianitada egiteko. Ostean, 50 lagun inguru batu dia bazkari girotsuan.
Arratsaldean, ospakizunak ez du etenik izan. Bazkalostea Maider eta Itziarren kontzertua izan dute, eta 20:00etan manifestazioa egingo dute Gaztetxetik Alamedara, Alde Zaharretik igarota. Behin mobilizazioa amaituta, kontrako noranzkoan, karropoteoan batuko dira. Gaztetxean emango diote amaiera egitarauari, eta horretarako, eskualdeko musika jartzaile eta DJak igoko dira oholtzara. Lehenengo Lumatzakek bere ikuskizuna eskainiko du, eta ondoren, MJPQren txanda izango da.