Giro herrikoia eta eguzkitsua nagusitu da helduen triatloian eta gazteen akuatloian
Eguraldia lagun, guztira 93 kirolari batu dituzte Ondarroako triatloiak eta akuatloiak.
Gaur [uztailak 11] Ondarroako kaleak eta errepideak gaztetxoen akuatloia eta helduen triatloia hartu dute. Koaxi Triatloi Taldearen eskutik, goizean ume eta gaztetxoen txanda izan da. 41 parte hartzaile egon dira, eta bost mailatan parte hartu dute, ibilbidea adinaren arabera egokituta. Antolakuntzatik aipatu dute “oso gustura” ibili direla, bai antolakuntzan baita partaidetzaren aldetik ere. Eguraldi onak asko lagundu du lasterketan, eta parte hartzaile bakoitzari domina bana eman diete.
Arratsaldean, ostera, 16 urtetik gorakoek gozatu dute triatloiaz. Guztira 52 parte hartzaie egon dira; 10 neska eta 42 mutil. Lehenengo 450 metro igeri egin dute, ostean bizikletak hartu dituzte eta Lekeitiorako bidea hartu dute parte hartzaileek. Kinton buelta eman, eta berriro Itsasaurrera itzuli dira 16 kilometroko ibilbidea osatuz. Jarraian, Itsasaurreko Zubitik Kamiñazpiko parkeraino egin dute korrika, eta Itsasaurrera heltzeagaz batera amaitu dute lasterketa.
Antolatzaileek garbi utzi dute Ondarroako triatloia ez dela beste triatloiak bezalakoa: “Hemen ez dugu podiumik. Triatloi herrikoia da. Helburua da guztiek aukera izatea triatloi bat nolakoa den dastatzeko; ez da lasterketa bat, ez dago lehiarik, bakarrik giro herrikoia eta segurua triatloia dastatu nahi dutenentzat”. Saria amaierako jana eta edana izan da. Antolatzaileek adierazi dutenez, irabaztea baino, “ondo pasatzea” dela bi lasterketen helburua.