Atzerako kontaketa Karmen Eguneko final handirako
Txanika eta Eñaut Salegi Markina-Xemeingo Grand Slameko final handian izango dira Erkiaga eta Atainen aurka. Lur Lejardi eta Alize Arriaga markina-xemeindarrek garaipena lortu eta Elaia Gogenola eta Arai Lejardiren aurka ariko dira uztailaren 16an. Mutrikuko Master Serieseko lehen finalerdietan Ihart-Eneritz eta Barandika-Lekerika nagusitu dira.
Txanika eta Salegi nagusitu dira Markina-Xemeingo Grand Slameko finaleko atarian.Eraman Jai Alai Betirako gogoan izango duten finalerdia jokatu zuten barikuan Txanikak eta Salegik. Urreisti eta Gorkaren aurka egindako partida estu baten ostean, ezustekoa eman eta Markina-Xemeingo Grand Slameko finalean euren lekua lortu zuten Hondarribiko aurrelariak eta Markina-Xemeingo atzelari beteranoak. Karmen Egunean aurrez aurre izango dituzte Erkiaga eta Atain, eta finalerdietan emandako maila errepikatzera datoz egueneko final handira.
Lehen setean Urresti eta Gorka 8-6 aurreratu ziren, hala ere, atxedanaldiaren ostean etorri ziren Txanikak egindako tantu onen emaitzak. Hondarribiarrak indarrak batu eta pilota abiadura bizian jarri zuen, aurkariak egoera gaitzetan jarriz etenik barik. “Faboritoen” jokoa gainditu eta tantoz tanto 12-15 irabazi zuten Txanikak eta Salegik. Bigarren setak gauzak berdindu zituen; seta 6-3 hasi, 6-6 jarraitu eta 6-8 nagusitu ziren Txanika eta Salegi. Lan gogorra izan zuen Urreistik Unin. Lau egunetan jokatutako laugarren partida zena mutrikuarrarentzat, eta barikuan ere ez zuen maila jaitsi. Hala lortu zuten markagailua 11-9 tantotan jartzea. Hondarribiarrak eta markina-xemeindarrak ez zuten atzean geratzeko asmorik erakutsi, eta 11-11, 12-12, 13-13 eta 14-14 tantogaz, zaleen begirada itsasita zuten puntistek. Urreistik egin zuen azken tantoa, errebotean bere burua lurrera botata eta hirugarren seta behartuz.
Horiek hartu zuten aurrea desenpatean (0-2), Urreistik egoera berdintzea lortu zuen (2-2), Txanikak egin zuen hirugarrena (2-3), eta Salegik laugarrena (2-4). Horiek ezin zuten aukera galdu, eta marroien azken akatsak Salegi eta Txanika finalista egin zituen azkenean.

Salegi tanto erabakigarrian.Eraman Jai Alai
Lur Lejardik eta Alize Arriagak ere hirugarren setean lortu zuten finaleko pasea. Markina-xemeindarrek partida segurua, ausarta eta oldarkorra egin zuten, hala ere, Helena eta Maia nagusitu ziren lehen setean (13-15). Bigarren seta oso berdindua izan zen, eta 14-14 tantogaz jarri zuten markagailua, publikoari partida estua eskainiz. 15. tantoa Lur eta Alizeren aldekoa izan zen azkenean, Maia Goikoetxeak sarera bota zuen pilotakadari esker. Hala etorri zen desenpatea, eta markina-xemeindarrak aurreratu ziren hasieratik (0-3). Maiak eta Helenak tanto bakarra egitea lortu zuten, eta hala amaitu zen partida, 5-1 emaitzagaz. Uztailaren 16ko finala Elaia Gogenola eta Arai Lejardiren aurka jokatuko dute, Lur eta Arai ahizpak aurrez aurre jarriz.

Lur eta Maia, aurrez aurre.Eraman Jai Alai
Miruaitz ere, finalerdien lekuko. Barikuan entzun ziren Mutrikuko Master Serieseko lehen pilotakaden hotsak. Zaleek goraino bete zuten Miruaitz frontoia txapelketako lehen finalerdiak ikusteko eta lehen finalisten izenak ezagutzen lehenak izateko. Maitek eta Oaiak eurena zuten partida hasieran, baina garaipenak alde egin zien azkenean. Lehen seta 15-10 irabazi zuten, eta bigarrena irabazi behar zutela zirudien (14-9) hala ere, Ihart Arakistainek eta Eneritz Lizardik ez zien azken tantoa egiten utzi, eta eurena izan zen hamabosgarrena. Hirugarren setean Ihartek eta Eneritzek egin zituzten 5 tantoak (2-5).
Gizonezkoetan, Barandika eta Lekerika gernika-lumotarrak Goitia eta Mendizabalen aurka aritu ziren. Bi setek osatu zuten partida, eta Gernika-Lumoko bikoteak set bietan 10-15 emaitzagaz lortu zuen garaipena lehen finalerdietan. Gauzak horrela, barikuan izango dira bigarren finalerdiak; Oihana Sorozabalek eta Maiak Elaia eta Alize izango dituzte aurkari. Goxerri eta Manci Urreisti eta Zabalaren aurka lehiatuko dira.

Ihart eta Eneritz, garaile.Eraman Jai Alai

Gernika-lumotarrak, Miruaitzen.