Ondarru Igeri Taldeko Itzea Badiolak laugarren eta bosgarren postuak lortu ditu Espainiako Igeriketa Txapelketan
Espainiako Txapelketan final bi jokatu ditu Ondarruko Igeri Taldeko igerilariak: 100 eta 200 metro bizkarrez. Lehenengoan, bosgarren postua lortu du, eta bigarrenean, laugarrena.
Itzea Badiola Agirreoa.Ondarru Igeri Taldea. Ondarru Igeri Taldeko Itzea Badiola Agirreoak Espainiako Igeriketa Txapelketan parte hartu du asteburuan. Eguenean jokatutako 100 metro bizkar proban, 1.14,15eko denboragaz finalerako sailkatzea lortu zuen. Finalean, berriz, marka hobetu eta 01.13,85eko denboragaz bosgarren postuan amaitu zuen.
Zapatuan [uztailak 11] 200 metro libre proban ez parte hartzea erabaki zuen Badiolak, jarraian zeukalako bizkar estiloko 200 metroko proba, eta “ahalik eta ondoen” egitea baitzen bere helburua. Hala, kanporaketan 02. 42,30eko denboragaz finaleko txartela eskuratu zuen, eta arratsaldeko finalean aurretik egindako denbora nabarmen hobetu zuen [02.39,68], laugarren postua lortuz.
Ondarruko Igeri Taldeak zoriondu egin du Itzea Badiola, baita txapelketan beragaz egon den Xabier Alzibar entrenatzailea ere: “Zorionik beroenak Itzeari, baita entrenatzaile eta familiari ere Ondarru Igeri Taldea ordezkatuz egin duten lan bikainagatik, eta gure izena harrotasunez zabaltzeagatik”.