Zahartzaro aktiboa: teoriatik praktikara
Joan den asteetan zahartzaro aktiboari buruzko formakuntzak egin dituzte 20 lagun inguruk Ondarroan. Saioen balorazio "oso positiboa" egin dute.
21 herritarrek parte hartu dute ikastaroan. Ondarroako Udala. Zahartzaro aktiboaren oinarriak modu praktikoan landu dituzte 21 herritarrek Ondarroan Bizipoz kooperatibak eskainitako saioetan; izan ere, azken asteetan herriko jubilatu berri eta jubilatu aktiboei zuzenduriko zahartzaro aktiboa sustatzeko formakuntza praktiko bat eskaini da herrian, eta udal ordezkariek zein Ondarru Lagunkoiako kideek balorazio positiboa egin dute: “Hurrengo galderei buruz hausnartu dugu: zer da jubilazioa? Nola ikusten naiz etapa berri honen aurrean? Zeintzuk dira aldatuko diren arloak? Nolakoa da nire osasuna? zerbait aldatu nahi dut? Zer ikasi behar dut etapa berri honetan?”.
Hala, sei tailer praktiko izan ditu ikastaroak, bakoitza bi ordukoa. Elkarren segidako sei asteetan banatu dituzte tailerrak, eta martitzenetan izan dute hitzordua. Udaletik adierazi dutenez, Bizipoz kooperatibatik bizi proiektu bat izatearen garrantzia azpimarratu dute: “Horregatik, bakarkako hausnarketako dinamikak eta ekintzara bideratutako ariketekin osaturiko tailer dinamiko eta praktikoak gauzatu dira”. Kooperatibako kideez gain, On eKin nutrizio zentroko adituek ere eskaini dituzte saioak. Zahartzaro aktiboa, adinkeria, osasun integrala, elikadura osasuntsua, teknologia berriak eta erretiroa hartu osteko egitekoak izan dira saioetan landutako gaiak.
2020an batu zen Ondarroako Udala Euskadi Lagunkoia sarera, eta 2021ean diagnostikoa aurkeztu eta ekintza plana sortu zuten. Ordutik, herria hobetzeko ekintzak eraman dituzte aurrera Ondarru Lagunkoia taldetik. Bide horretatik, proiektu honen barruan, Ondarroako pertsona nagusiei zuzendutako ikastaro praktikoa gauzatzeko proposamena egin zuten, eta hortik sortu zen oraintsu amaitutako ikastaroaren ideia. “Ondarru Lagunkoia ekimenean agertutako idea batetik antolatu dugu ikastaroa eta oso pozik gaude, uste baitugu, hausnarketa, irakaspen eta ondorio garrantzitsuak atera ahal izan dituztela parte hartzaileek”, azpimarratu du Esti Arruti Osa ongizate zinegotziak.