Zero Zabor Uretan kanpainaren zortzigarren aldia Ondarroan eta Mutrikun lehorreratu da
Uztailaren 10etik 13ra egon zen Ondarroan MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa, eta eguenera [uztailak 16] arte egongo da Mutrikun.
Mater Museoa, Ondarroan. Master Museoa. Hondakinik hoberena, sortzen ez dena lelopean Euskal kostaldeko herriak zeharkatzen dabil MATER Ontzi Ekoaktiboa, Zero Zabor Uretan kanpainaren zortzigarren aldiagaz. Bilbon hasi zuen ibilbidea ontziak, uztailaren 4an, eta guztira zortzi herri zeharkatuko ditu. Asteburuan egon da Ondarroan, barikutik astelehenera arte, eta eguenera arte [uztailak 16] egongo da Mutrikun.
Oraingoan ere formatu zabala eman diote ontziaren programari; besteak beste, ontzi museora bisita gidatuak, itsas hondakinak eta mikroplastikoak biltzeko nabigazioak, itsasotik bildutako plastikoarekin sormen birziklatze tailerra, eta itsaspeko zinema antolatu dituzte, azken hau Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloagaz lankidetzan.

Itsas Erraldoien martxa, Artelango erraldoiekin batera.Artelan.
Atzo [astelehena] heldu zen Mater ontzia Mutrikura, eta itsas erraldoien kalejirarekin eman zioten hasiera egitarauari. Gaur [martitzena] bisita gidatuak eduki dituzte 11:00etatik 14:00etara, eta portuan itsas zaindari gunea jarri dute bisiten ordu berean, baita arratsaldez ere, 17:00etatik 20:00etara. Horrez gain, 17:00etan hondakinen bilketa egingo dute; horretarako, Mater ontziaren aurrean geldituko dira. Bihar [uztailak 15] ere ontzira bisitak egiteko aukera egongo da, 11:00etatik 14:00etara, eta itsas zaindari gunea ere jarriko dute. Horrez gain, sormen birziklatze tailerra egongo da, 17:30etik 19:00etara, eta ondoren, Zero Zabor Uretan topaketak egongo dira.
Bestalde, asteburuan Ondarroako herritarrekin batera itsas hondakinak arrantzatzen ibili dira Mater ontziko kideak. “Itsasoa bare-bare, giro benetan polita egon da. Arrantza txikot zatiak, bilgarriak eta jaietako globo handi bat salabardo zein makro sarearekin bildu ditugu. Ostean, mikroplastiko sarearekin 475 plastiko zati oso txiki bildu genituen, itsas hondakinen arazoa ikusezina dela erakutsiz”. Horrez gain, Itsasaurren itsas hondakin “potentzialak” bildu zituzten: “1.151 item bildu, karakterizatu eta dagozkien edukiontzietara bota genituen, berriro naturara itzuli ez daitezen”.