Jose Pablo Arriaga Mutrikura itzuli da, 'Lau Teila' itsas eta arte proiektua amaitu ondoren
Eskultore markina-xemeindarra Mutrikura bueltatu da urtebete mundutik ibilin ostean, eta bere proiektu artistikoa amaitu ondoren.
Lau Teila proiektuaJose Pablo Arria Jose Pablo Arriaga eskultore markina-xemeindarra Mutrikura itzuli da, Lau Teila proiektua amaituta, Atlantikoan eta Karibean zehar urtebetez nabigatu ondoren. Bizkaia belaontzian abiatu zen artista, Atlantikoa bakarka zeharkatzeko erronkari aurre eginez. Ondoren, bidaiagaz jarraitu zuen bere bikotekideagaz eta bi alabekin batera, Karibeko hainbat uharte bisitatu eta Azoreetatik Mutrikura itzuli arte.
Lau Teila proiektua antzinako euskal baleazaleen ondarean inspiratu da. Garai hartan, baleazaleek teilak eramaten zituzten Ternuara, ontzien lasta gisa. Arriagaren bidaian, berriz, egurrezko lau teilek etxea, memoria eta eraldaketa sinbolizatu dituzte, Atlantikoko eta Karibeko hainbat portutan beren arrastoa utziz. Proiektuaren funtsa esaldi bategaz laburtu du Arriagak: “Lau teila hartuta atera ginen, lasta gisa. Horiek gabe itzultzen gara, baina bihotza itsasoak oparitu digun guztiaz beteta”.
Iraganean baleazaleak olioz betetako upeltegiekin itzultzen baziren, Lau Teila proiektua bestelako altxor bategaz iritsi da etxera: urtebeteko nabigazioak ekarritako esperientziagaz, topaketagaz eta ikaskuntzagaz. Artistaren hitzetan, bidaia ez da itsasoan amaitu; orain, lehorrean edukiko du jarraipena, bizitakoa partekatzeko erakusketa baten eta hainbat proposamen artistikoren bidez.