Markina-Xemeinek Karmen jaiei hasiera eman die
Gaurtik [uztailak 15] domekara arte [uztailak 19] ospakizunetan murgilduko dira.
Markina-Xemeingo udaletxe aurrea kolorez eta alaitasunez bete dituzte gaur [uztailak 15] ehunka herritarrek. Artibai Mendi Taldeko kideak izan dira ospakizunari hasiera emateko arduradunak. Taldeak 80 urte bete ditu, eta beraien kamiseta laranjekin koloreztatu dute udaletxeko balkoia. Taldearen hasierak eta mendizaletasunaren garrantzia izan dira pregoiaren ardatz nagusiak, txupina erre baino arinago. Herritarrak hasi dira lau eguneko festaz gozatzen. Domekara bitartean, ez dute falta izango ondo pasatzeko hitzordurik.