'Vita' ontziaren gertakizuna omenduko dute zapatuan, Lekeition
Lekeitioko Udalaren, Sabino Arana Fundazioaren eta Indalecio Prieto Fundazioaren ekimenez, ekitaldia eta erakusketa egingo dituzte uztailaren 18an 11:00etan, udalbatzar aretoan.
VITA & Lekeitiarrak ekitaldia eta erakusketa egingo dira zapatuan [uztailak 18] 11:00etan hasita, Lekeitioko udalbatzar aretoan. Lekeitioko Udalak, Sabino Arana Fundazioak eta Indalecio Prieto fundazioak bat egin dute Vita ontziaren gertakizuna omenduko duen ekimenean. Mexikotik etorritako garai hartako lekeitiarren oinordekoek ere parte hartuko dute hitzorduan.
Testuingurua. 1930eko eta 1940ko hamarkadetan Euskal Herriak eta Europa osoak garai gogorrak bizi izan zituzten. Testuinguru horretan gertatu zen 1939ko Vita yatearen bidaia. 36ko gerra galduta zegoela ikusita, Espainiako errepublikako gobernuak balio handiko ondasunak bildu eta Mexikora bidali zituen, bertako iheslariei laguntzeko eta bide batez frankisten eskuetan geratu ez zitezen.
Bidaia transozeaniko horretarako aukeratutako itsasontzia izan zen Vita, eta, haren kapitaina, Jose Ordorika lekeitiarra izan zen. Beragaz batera, eskifaiaren parte bihurtu ziren herriko hainbat itsasgizon, besteak beste, Jose Antonio Bilbao, Rafael Goenaga, Teodoro Urkiaga, Tomas Marques, Santiago Zumaran, Santos Garamendi, Eugenio Aranguena, Jesus Zabala, Santiago Belaustegi eta Antonio Ertze. Tramontana ontzitik Isaac Etxabe, Antonio Brouard, Teodoro Burgaña eta Felix Bilbao gehitu zitzaizkien. Aldi berean, ontzian joan ez arren, abentura hori posible egiten lagundu zutenak ere gogoratuko dituzte, besteren artean, Juan Urkiaga.