Abuztuaren 2an egingo dituzte "azkenak" izatea espero duten hondartzetako mobilizazioak
Espetxe politika "arrunta" eta "euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria" aldarrikatzeko mobilizazioak deitu dituzte Sare Herritarrak eta Etxeratek abuztuaren 2an [domeka], Euskal Herriko 11 udalerritan, tartean, Ondarroan eta Lekeition.
Abuztuaren 2ko hondartzetako mobilizazioak aurkeztu dituzte Gernika-Lumon. Hainbat urtez egin duten bezala, beste urte batez Hego Euskal Herriko hondardatzak baliatuko dituzte Sare Herritarrak eta Etxeratek, euskal preso, iheslari eta deportatuaen auzia kalera atera eta “espetxe politika arrunta” ezartzea aldarrikatzeko. Helmuga, denak etxera! lelopean, Gernika-Lumoko Astra kultur gunearen kanpoaldean elkartu dira gaur [uztailak 17] deitzaileak, “modu iraunkorrean” antolatu duten hondartzeko mobilizazioaren xehetasunak azaldu eta abuztuaren 2rako [domeka] deialdia zabaldu asmoz.
Hego Euskal Herriko 11 hondartzetan zabalduko dituzte herritarrek “konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriak”, tartean,Lekeitioko Abadeen moilan eta Ondarroako Alamedan. Horrez gain, Ibarrangeluko Laga eta Laidan (kanpinaren aurrealdean), Mundakako Laidatxun eta Ean (frontoiaren atzekaldean), Muskiz-Zierbenan (Arenako pasealekuan), Bakion (Bentako plazan), Zarautzen (Musika Plazan), Debako Santiago hondartzan eta Donostiako Ondarreta hondartzan ere hitzorduak finkatu dituzte, “euskal gizartearen gehiengoaren nahi eta beharrak” hondar eta olatu artean lau haizetara zabaltzeko. Mundakan eta Ean 13:00etan mobilizatuko dira eta, gainerako udalerrietan, berriz, 12:00etan.
Antolatzaileek argi dute beraien aldarriak ez direla “nahi bat soilik”, eta ozen adierazi dute Euskal Herriaren “behar gisa” identifikatzen dituztela “iraganeko agertokiak atzean uztea eta elkarbizitza eszenatokietan sakontzea”: “Lan horretan dihardugu azken urteetan eta konpromiso horretan berresten gara”, azpimarratu dute Gernika-Lumoko agerraldian.
Halaber, hainbat eta hainbat urtez burutu duten hondartzetako mobilizioak aurten “bere azken edizioa ezagutu beharko lukeela” nabarmendu dute. Izan ere, mobililizazioak behin betiko amaitzeak, “espetxe politika arrunta” ezartzearen bidez erregimen itxian jarraitzen duten euskal presoak “kalea zapaltzen hasi direla” eta, horrenbestez, konponbidera iristeko bidean “sakontzen” dihardutela erakutsiko luke: “Hala ere, argi adierazi nahi dugu ezin gaitezkeela konponbide integralaz mintzatu erbesteko auziaren konponbiderik gabe“, gogoratu dute bozeramaileek.
Mobilizazien deitzaileek elkarbizitza “justu eta iraunkor” baten eraikuntza dute helburu, eta gaur, nahi horretan berretsi nahi izan dute, abuztuaren 2rako egin dituzten 11 deialdiak “konpromiso horren isla argia” izango direla aldarrikatuta. “Helmuga eskuratu arte, hau da, euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria ezagutu arte” beraien lan eta aldarriak zabalduz jarraituko dute.