Belaunaldi berriak bustitzea helburu
Duela urtebete inguru sortutako Azkia Pilota Taldeak Mutrikun pala eta esku pilota sustatzeko helburuagaz lanean dihardu, besteak beste, belaunaldi gazteei etxean jokatzeko aukera eskainiz eta herrian galdutako pilota zaletasuna berreskuratuz. Hala, iaz egin bezala, uztailaren 21ean, Malen jaien atarian, esku pilota jaialdia egingo dute Miruaitz frontoian: gazte eta helduen arteko jolasa izango da protagonista.
Iazko pilota jaialdiak "arrakasta" izan zuen.Azkia Pilota Taldea. Mutrikun pilotari bultzada berri bat emateko sortu zen duela urtebete inguru Azkia Pilota Taldea. Zesta-puntak herrian historikoki izan duen indarra kontuan hartuta, pilota modalitateko gainerako kirolei indarra emateko jaio zen taldea; zehazki, pala eta esku pilotari. Hala, aipatutako bi kirolak herrian sustatu, gazteei etxean jokatzeko aukera eskaini eta urte luzez galdutako ohiturak berreskuratzea dira gaur-gaurkoz taldearen ardatz nagusiak. Oraindik hastapenetan badaude ere, egindako bidearekin «pozik» daude, eta argi dute etorkizunera begirako “erronka nagusia” belaunaldi berriak pilotara erakartzea izango dela.
Hasieratik zehaztu zuen taldeak egitekoa: Mutrikun pilota zaletasuna indartzea. Ordutik, zenbait ekintza antolatu dituzte herrian: “Horren adibide da Malen jaien barruan iaz lehenengo aldiz antolatu genuen pilota jaialdia. Urte luzez jaietako egitarauan egon ondoren desagertuta zegoen hitzordua berreskuratzea izan da lehenengo pausoa”. Joan den urteko jaialdiak izandako harrera ikusita, aurten berriro errepikatuko dute jaialdia uztailaren 21ean. “Frontoia bete egin zen, eta adin guztietako herritarrak elkartu ginen bertan pilotaz gozatzeko asmoz. Aurten ere, horrelako giroa sortu nahi dugu”, azaldu dute Azkia Pilota Taldeko kideek.
Urte luzez jaietako egitarauan egon ondoren desagertuta zegoen hitzordua berreskuratzea izan da lehenengo pausoa.
Malen jaien bueltan ez ezik, urteko sasoi ezberdinetan ere hainbat ekimen antolatu dituzte. “Nabarmentzekoa iruditzen zaigu Mutrikuko Gaztetxearekin eta Naixa Emakume Palistekin elkarlanean antolatutako pala txapelketa. Txapelketaren hirugarren urtea da aurtengoa, eta parte hartze handia izan du oraingoan ere: herritarrek zein kanpotik etorritako jendeak izena ematen du”.
Hala ere, taldeko kideek badakite erronka handiak dituztela aurretik. Izan ere, Mutrikun zesta-puntak sustrai sendoak ditu, eta azaldu dute, esku pilota eta pala berriz ere indartzea ez dela lan erraza izango. Horretarako, lanean ari dira udalerriko kirol eskolarekin, harremanak sendotuz eta gazteei modalitate horiek ezagutaraziz. “Etorkizunean, taldea sendotzen denean, pilota eskola edo entrenamendu egitura bat martxan jartzea dugu buruan, herriko gazteek etxean bertan jokatzeko aukera izan dezaten”.
Esan bezala, gazteak erakartzea da, hain zuzen ere, Azkiaren erronka nagusietako bat. Beraz, kirol eskolarekin elkarlanean aritzeaz gain, belaunaldi berriengana iristeko lanean dabiltza: “Pilotari ikusgarritasuna ematen jarraituko dugu, eta pausoz pauso, lortuko dugu gazteengana heltzea”.
Gainera, uztailaren 21ean ospatuko den Malen jaietako pilota jaialdiak ere filosofia bera jarraitzen duela azaldu dute: “Kartel berean gazteak eta pilotari ezagunak batuko dira. Pilotari nagusiek jendea erakarriko dute, baina gazteak izango dira eguneko protagonista, herritarren aurrean jokatzeko aukera izango baitute”. Hala, belaunaldien arteko lotura izango da jaialdiaren balio nagusietako bat. “Frontoira datozenek giro aparta aurkituko dute bertan. Aurreko urteko arrakastaren ondoren herritarrak aurtengoren zain daude, eta espero dugu, aurtengo hitzordua ere, jaiei hasiera emateko modu ezin hobea izatea”.
Jaialdiaren helburua, ordea, aipatutakoaz gain, herritarrek Azkia ezagutzea ere badela azpimarratu dute: “Azkia Pilota Taldea herritarren artean ezagutarazi nahi dugu, lanean ari garen gazte talde bat dela azaldu, eta herritarrentzat ekimenak antolatzeko gogoz gaudela nabarmendu”. Gainera, ez dute egun bateko ikuskizun hutsala antolatu nahi; urtero errepikatuko den ohitura bihurtzea dute xede.
Etorkizunera begira ere, badituzte proiektu berriak. Datozen hilabeteetan Egaña frontoiko lehen pala txapelketa antolatzeko asmoa dute. “Gaur-gaurkoz begirada palan jarrita dugun arren, aurrera begira esku pilotako txapelketak ere antolatu nahi ditugu, modalitateak txandakatuz eta herriari eskaintza zabala luzatuz”.
Azkia Pilota Taldea herritarren artean ezagutarazi nahi dugu, lanean ari garen gazte talde bat dela azaldu, eta herritarrentzat ekimenak antolatzeko gogoz gaudela nabarmendu.
Norabide argia. Urte betean egindako bidea ipar hartuta, Azkia Pilota Taldeak argi dauka norabidea: “Helburua ez da soilik txapelketak antolatzea, Mutrikun pilotaren etorkizuna eraikitzen laguntzea baizik”. Eta, horretarako, belaunaldi berriak pilotara hurbiltzea edo pilota belaunaldi berriengana heltzea izango da taldearen partidarik garrantzitsuena.