Santixo Egunari garrantzia eman nahi diote Malen jaietan
'Malen jaixetan, erasorik ez!' lelopean, jaiak agerraldi jendetsuarekin hasiko dira astelehenean [uztailak 20], 18:30ean, Beheko Plazan.
Mutrikuko jaiak asteko egun gutxi falta dira. Ospakizunen atzean, beti bezala, Bizixo jai konpartsa dago, eta aurten ere herri osoari zuzendutako eskaintza zabala izango dela nabarmendu du. Konpartsako ordezkariek azaldu dutenez, berrikuntza nagusietakoa Santixo Egunari protagonismo handiagoa ematea izango da. Azken urteetan jaietako itxiera egun gisa bizi izan den eguna aurten jai giro osoz ospatzeko apustua egin dute. “Helburua da Santixo Egunari garrantzi handiagoa ematea. Aurten uztailaren 25a berreskuratu nahi izan dugu benetako jai egun bezala eta, horretarako, egun bat gehiago luzatu ditugu jaiak”, adierazi dute. Haien esanetan, horrela gazteenek ere aukera izango dute lehen ezagutu ez duten jai egun hori bizitzeko.
Jaietako programazioaren ardatzetako bat herritar guztiei zuzendutako eskaintza orekatua eskaintzea izango da. Musika eta kontzertuak izango dira protagonista nagusietako batzuk, baina horiez gain, bertso saioak, haurrentzako jarduerak, kirol ekintzak, bazkari herrikoiak eta kultur ekitaldi ugari ere antolatu dituzte. Bizixoren ustez, jaiak ez dira gau giroarekin bakarrik lotu behar: “Ez dugu nahi gure egitaraua gauari eta parranda giroari bakarrik lotuta egotea; kultur eskaintza zabala nahi dugu, adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izateko”, azaldu dute. Horregatik, txosnagunean ez ezik, herriko beste hainbat gunetan ere jarduerak antolatuko dituzte, parte hartzea sustatzeko helburuarekin.
Segurtasuna eta errespetua ere izango dira aurtengo jaietako ardatz nagusietako batzuk. Bizixok azaldu du prebentzio lanean aritu direla, eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, indarkeriarik gabeko jaiak aldarrikatuko dituztela. Jaiak hasi aurretik agerraldi jendetsua egingo dute eta, ondoren, manifestazioa ere izango da. Astelehenean [uztailak 20] egingo dute, 18:30ean, Beheko Plazan. “Nahi dugu herri osoak argi erakustea erasoen aurka dagoela eta jaiak denontzako espazio seguruak izan behar direla”, adierazi dute. Era berean, txosnagunea “gune seguru, parte-hartzaile eta denontzako irekia” izatea lehentasuntzat jo dute. Horregatik, jaietako lehenengo egunean ere [uztailak 20], manifestazioa egingo dute gauean, Malen jaixetan erasorik ez! lelopean.
Gazte Eguna izango da, beste urte batez, jendetsuenetakoa. Konpartsaren aurreikuspenen arabera, aurten ere 300 gazte baino gehiago elkartuko dira bazkari herrikoian. “300 gazte baino gehiago batuko gara frontoian, eta urtetik urtera parte hartzea handitzen ari dela ikusten dugu. Eskertzekoa da jasotzen dugun erantzuna”. Horrez gain, Kuadrilla Eguna ere jaietako unerik garrantzitsuenetakoa izango dela nabarmendu dute.
Egitaraua prestatzerakoan, hainbat irizpide izan dituzte kontuan. Antolatzaileen esanetan, eskaintza alternatiboa eta herrikoia sustatzea da helburua, eta genero ikuspegia ere txertatu dute kontzertu eta ikuskizunen hautaketan. “Kontuan hartzen dugu ze talde datorren, nork osatzen duen eta zer jai giro bermatuko duen. Guretzat oso garrantzitsua da denak ongi etorriak sentituko diren espazio bat sortzea”. Horren ildotik, bazterkeriarik edo jokabide erasokorrik ez duten jaiak aldarrikatu dituzte.
Bizixok, gainera, herriko artistei eta sortzaileei lekua ematen jarraitzen duela azpimarratu du. Gazte Eguneko kamisetaren diseinua urtero sekretupean gordetzen dute, herrian ikusmina sortzeko. “Gustatzen zaigu kolorea eta mezua azken unera arte gordetzeak, horrek ere jaietako ilusioa pizten du. Kamisetak ez du data bakarrik eramaten, urtero hausnarketa edo mezu bat ere zabaldu nahi izaten dugu”, azaldu dute. Diseinurako herriko artistekin elkarlanean aritzen direla ere nabarmendu dute, jaietako nortasuna indartzeko.
Azkenik, Bizixoko ordezkariek konpartsaren beraren indarra ere azpimarratu dute. Gaur egun, 40 lagun inguruk parte hartzen dute modu aktiboan antolakuntzan, adin ezberdinetako kideekin. “Belaunaldi ezberdinek elkarrekin lan egiten dute, eta hori da gure indarguneetako bat. Jaiak modu kolektiboan antolatzea eta belaunaldi arteko erreleboa bermatzea oso garrantzitsua da guretzat”. Urtero bezala, aurten ere deia egiten diete mutrikuarrei konpartsako kide izateko: “Boluntatio barik, ezin izango lirateke jaiak egin”.
Egitaraua:
Astelehena, Bezperian bezperia [uztailak 20]
- 16:00. Haurrentzako txokoa, Txantxangorrigaz.
- 18:30. Gazte Eguneko kamiseta banaketa.
- 19:00. Agerraldi jendetsua Malen jaixetan erasorik ez! lelopean.
Martitzena, Gazte Eguna [uztailak 21]
- 12:30. Bazkariko mahaien muntaketa, Egañan.
- 13:00. Karropoteoa.
- 14:00. Txupina eta omenaldia.
- 14:30. Aurrera palestinar erresistentzia! argazkia, Beheko Plazan.
- 15:00. Bazkaria, Egañan.
- Gero. Zumba.
- 19:00. Txosnen irekiera.
- 20:30. Txaranga a la mutrikuarra
- 00:30. Manifestazioa eraso danen aurrean.
- 01:00. DJ Urgozo eta DJ Farrukitas.
Eguaztena, Malen Eguna [uztailak 22]
- 20:00. Bertso poteoa, Gaztetxean: Alexander Idoeta eta Aitor Bizkarra.
- 21:00. Malko kontzertua.
- 23:30. Skaregekasko eta Alarma Morea kontzertuak.
Eguena, Elkartasun eguna [uztailak 23]
- 13:30. Denok Etxera Topa.
- 14:30. Ekitaldia.
- 15:00. Bazkaria.
- 16:30. Elene eta Anuk kontzertua.
- 21:00. Ondoezik elektrotxaranga.
- 23:30. Playback txapelketa.
- Gero. Jolasak.
Barikua, Kuadrilla Eguna [uztailak 24]
- 15:00. Txosnagunea, bazkaltzeko lekua.
- 20:00. Debrass band kontzertua.
- 23:00. Mugi panderoa eta DJ Miren G.
Zapatua, Santixo Eguna [uztailak 25]
- 13:00. Kalejira.
- 20:30. D’Capricho kontzertua.
- 23:00. 48280, 721 eta DJ Tintz.
Domeka, Agur Malenak [uztailak 26]
- 18:00. Bertso saioa: Ane Labaka, Janire Arrizabalaga, Aissa Intxausti eta Elixabet Etxandi.