Uztaileko festa giroa luzatzera datoz Santiago eta Santa Ana jaiak
Karmen eta Madalen jaien lekukoa hartzera etorriko dira Santiago eta Santa Ana jaiak datorren aste bukaeran Lea-Artibaiko hainbat txokotara. Herri bazkariak, kontzertuak, mozorro desfileak... Eskualdeko bizilagunek hamaika hitzordu dituzte aurretik, jaiei jarraipena eman eta udako gau luzeez gozatzen segitzeko.
Uda hasieragaz sanjoanetarako prestatzen zeuden asko; begiak kliskatu dituztenerako, baina, dagoeneko atzean utzi dituzte ez bakarrik sanjoanak, sanpedro eta sankristobalak ere bai. Karmenetan murgilduta daude han eta hemen, eta konturatu orduko Madalen jaiak ere iragana izango dira. Edonola ere, uztailak badu zer eman oraindik, gaur zortzi Santiago Eguna izango baita, eta horregaz batera, Santiago eta Santa Ana jaiak biziko dituzte hainbat txokotan, tartean, Etxebarrian eta Ispasterren.
Santiago jaiak Etxebarriko jai nagusiak dira, eta beste urte batez, betikoari eutsiz baina berrikuntzaren bat edo beste gehituz ospatzeko irrikan daude. Uztailaren 24ean txupinazoa bota ostean, Guraso Elkarteak antolatzen duen danborradan batuko dira, “betikoari” jarraituz.
Egitarauari dagokionez, baina, berrikuntza nagusia biharamunean, Santixau Egunean etorriko da, Etxebarrira etorri berriei ongietorria egingo baitie: “Ez da bakarrik Euskal Herri kanpotik etorri direnentzat, Bilbotik etorri diren horientzat ere izango da”, nabarmendu dute udaletik. Euskara Batzordetik sortutako proposamenak “intergrazioan laguntzea” du helburu, herri txikietan errazagoa dela pentsatu arren, “beti ez delako horrela”. Ekitaldiaren ostean, Zerutxu Dantza Taldearena izango da plaza.
Uztailaren 26 eta 27rako ere hamaika hitzordu dituzte ipinita: domekaz paella herrikoian batuko dira eguerdian, eta playback saioan gero: “Iaz talde nahikoa izan ziren playbackean, eta paella txapelketak ere arrakasta handia izaten du; urtez urte gehiago dira izena ematen dutenak. 400dik gora izan ginen iaz”, gogoratu dute. Astelehena Umeen Eguna izango da, eta beraientzako proposamenez bete dute egitaraua. Film laburren emanaldiagaz biribilduko dituzte jaiak plazan: “Urteroko kuadrillek izena ematen dute, eta lan izugarria egiten dute; gai zailak proposatu arren, irudimen handiz lantzen dituzte”.
Asko dira festari barikuan, Santiago bezperan, ekingo diotenak, Ispaster horren beste adibide bat izanik. Iluntzean txupinazoa bota, pregoia entzun eta Txanton Pipirriren igoeraren ostean, Ziraunen, Zutik Erromeriaren eta DJ Jonkassen erritmora luzatuko dute goizaldera arte gaua.
Santiago Egunez prozesioan irten eta gero, Bizkaiko Emakumezkoen Trontza Txapelketa eta harri jasotzaileen eta Hego Euskal Herriko jokoen erakustaldia izango dute aukeran. Ispasterko Udaletik baina, “herriak parte hartzen duten ekintzetan” jarri dute arreta, hala nola, domekako 25. Kros herrikoian edota asteleheneko mozorro lehiaketan. Izan ere, kontzertu eta karta joko txapelketek berez erakartzen dute herriaz haragoko jendea. “Krosa eta mozorro lehiaketa urte askotan egin dira, eta meritua dauka horren bizirik jarraitzeak eta jendeak parte hartzeak”. Kros lehiaketa doakoa da, eta egunean bertan izena eman daiteke: “Edonork parte hartu dezake”. Mozorro lehiaketako izen ematea itxita dago, eta sei taldek eman dute izena: “Nork irabazi duen kontuan hartu barik, denek eramaten dute etxera opariren bat edo beste”.
Herriko jaiak, batez ere herri txikietan, kanpora begira barik, “herritarrei begira” antolatzen dira, eta hala egiten dute Ispasterren: “Antolatu, parte hartu, batu… Guk egin behar dugu dena, baina gozatu ere egiten dugu. Bakoitzak apur bat laguntzen badu egitaraua aurrera eramaten, denok gozatu dezakegu”.
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI
ETXEBARRIA
Etzi
11:00. Meza nagusia.
12:30. Herriko 80 eta 81 urtekoei omenaldia aurreskuagaz, frontoian.
Ondoren. Herriko jubilatuen kantu emanaldia.
14:00. Jubilatuen bazkaria, frontoian.
17:30. Katana monologoa, frontoian.
Uztailak 23, eguena
16:30. Gaztetxoen pilota partiduak.
Uztailak 24, barikua
19:00. UGA eta ZIXUren jaitsiera, txupinazoa eta pregoia, Txik-Txak taldearen eskutik.
Ondoren. Danborrada, Zumaia txarangagaz.
Danborradaren ostean. Buruhandiak eta herritik poteoa fanfarreagaz.
23:00. Hay poco Rock & Roll – Perlata.
Uztailak 25, zapatua
11:00. Meza nagusia, Rakel Pujanak abestuta.
12:00. Herrira etorri berriei ongietorria, udaletxean.
12:30. Dantza emanaldia Zerutxu taldearen eskutik.
17:30. Pilota partiduak, frontoian.
Ondoren. Kalejira Mariachi Imperial taldeagaz.
22:30. El Mariachi Imperial – Muxutruk.
Uztailak 26, domeka
14:30. Paella herrikoia.
17:00. Play Back saioa eta herri jolasak.
Ondoren. Burrunba elektrotxaranga.
21:00. Altxa Porru – DJ Miren.
Uztailak 27, astelehena
Egunez. Haur parkea eta Leaktibai.
12:00. Etxebarriko VIII. Chef Lehiaketa.
19:00. Bitsa futbitoan.
22:00. Film laburren emanaldia, plazan.
Ondoren. UGA eta ZIXUren agurra eta jaien amaierako traka.
ISPASTER
Etzi
08:00. Erakus-txakurren lehiaketan izen ematea.
08:30. Erakus-txakurren ikuskizuna. Hilketarik gabeko ikuskizuna izango da.
Uztailak 24, barikua
19:00. Txupinazoa, pregoia, Txanton Pipirriren igoera eta danborrada herrikoia.
Ondoren. Sagardo ibiltaria, gazta eta intxaurrak.
23:00. Kontzertuak: Ziraun, Zutik Erromeria eta DK Jonkass.
Uztailak 25, zapatua
09:00. Txirrindularien diana.
11:30. Prozesioa, Elexaldetik Santiago baselizara.
12:00. Meza elizkizuna.
13:00. Bizkaiko Emakumezkoen Trontza Txapelketa eta Harri Jasotzaileen eta Iparraldeko jokoen erakustaldia.
17:30. Umeentzako puzgarriak.
18:00. Frontoian, mus txapelketa.
23:00. Kontzertuak: Etxepe, Argitu erromeria eta DJ Aitxe.
Uztailak 26, domeka
11:00. Esku pilota: Ispasterko harrobiko gaztetxoak.
11:30. Meza elizkizuna.
13:00. Tio Teronen semeak.
18:00. 35. Kros lasterketa herrikoia.
22:30. Xaibor.
Uztailak 27, astelehena
11:00. Ispasterko Eskolarteko Zesta-Punta Txapelketa.
12:30. Umeen bola jolasa.
14:30. Herri bazkaria.
17:30. Merhezi taldea.
18:00. XVIII. Banakako bolo txapelketa.
21:00. Mozorro lehiaketa.
23:30. Lisker erromeria.
00:00. Txanton Pipirriren agurra.