Herritxouagaz lehertu dira Markina-Xemeingo Karmen jaiak
3.050 lagun batu dira gaur [uztailak 18] Zelaian, Markina-Xemeingo Karmen jaietako Kuadrillen eguna "goi-goitik" ospatzeko. Sei partaide egon dira Herritxouean: Jose Madera eta jarraitzaileak taldeak irabazi du talde onenaren saria, eta bakarlari onenarena, berriz, Iban Mendizabalek. Publikoaren saria Suzko gameluak taldearentzat izan da.
Karmen jaiak ospatzen dabiltza markina-xemeindarrak, eta gaurkoan [uztailak 18] Zelaian elkartu dira Kuadrillen Eguna ospatzeko asmoz. Hala, Zelaia kolore eta forma guztietako alkandorez bete da, eta aurten, guztira, 3.050 lagun elkartu dira herri bazkarian.

Goizean goizetik txistularien doinuek alaitu dituzte herriko kaleak, eta 10:00etarako esku pilota partidak hasi dira frontoian. 12:30ean egin dute Alarabiren kalejira, Tarine Udal musika eskolako trikitixa taldeagaz eta Markina-Xemeingo trikitixa eskolagaz. Bestalde, momentu berean, herriko kuadrillek paellak prestatzen igaro dute goiza. 14:00ak pasata jarri dira guztiak mahaien bueltan, bazkaldu eta herritxoua noiz hasiko zain.
16:30ean eman diote hasiera Herritxouari, eta bertan lehertu da Zelaia. Sei talde igo dira oholtzara, bakoitzak bere onena emateko asmoz. Hiru kategoriatan banatu da sari banaketa aurten ere: taldekakoa, banakakoa eta publikoarena. Taldekako saria Jose Madera eta jarraitzaileak taldeak irabazi du, bigarren postuan gelditu da Olgetan, eta hirugarrenean, berriz, Suzko gameluak taldea. Banakako lehenengo saria Iban Mendizabalentzat izan da; bigarrena, Marikarmen Balentziagarentzat; eta hirugarrena, Iñaki Kareagak eskuratu du. Publikoaren saria Suzko gameluak taldearentzat izan da.
Jai giroak ez du etenik izango gaur Markina-Xemeinen. 18:30ean Andoni Ollokiegiren kontzertua egongo da Zelaian, eta 20:00etan Zuttik elektrotxarangak herriko kaleak zeharkatuko ditu. Ondoren, Etzakit taldearen kontzertua egongo da Zelaian, eta DJ Hermanikisek emango diote amaiera gauari.