Giro "atseginean" eta adin desberdinen presentziagaz ospatu da Elkartasun Eguna
Bi eguneko egitarauagaz, lekeitiarrek herri bazkariaz, kontzertuez eta umeen jolasez gozatu dute. Egunak erantzun oso ona jaso du.
Lekeitioko Elkartasun eguna 2026Galarrena Barikuan eta zapatuan [uztailak 17 eta 18] Elkartasun Eguna ospatu zuten Lekeition: “Bi eguneko egitaraua aurreikusitako moduan garatu zen, eta herritarren parte hartzea nabarmena izan zen”. Ekintzaz beteriko eguna ospatzen hasi baino lehen, barikuan Ezta ilen zauria taldearen kontzertua egin zen Galarrenan, giro atseginean.
Zapatuan goizen goizetik ekin zioten plazaren prestaketari. “Goizeko euri zaparradak antolaketan aldaketak egitera behartu gintuen, baina egitaraua normaltasunez garatu genuen”. Haurrentzako jolasekin hasi ziren, umeen txokoan, eta bertan, 30 ume inguru batu ziren.
Herri bazkarian batu ziren gero. 70 lagun inguru. D’capricho taldeak girotu zuen bazkalostea , eta giro “ezin hobea” sortu zuen. Arratsaldean sartuta, udaletxeko eskaileretan Arantza Zulueta Amutxastegi eta Liher Rodriguez Aretxabaletaren etxeratzea aldarrikatzeko pankarta zabaldu zuten. Ondoren, kalejira egin zuten herriko hainbat gunetan.
Kittu taldeagaz eman zioten amaiera egunari. Txalaparta, txistua eta danborra lagun, adin guztietako herritarrek bat egin zuten, eta eguna Galarrenan amaitu zen.
Antolatzaileek oraindik balorazio ofizialik egin ez dute egin, baina lehen inpresioak “oso positiboak” direla adierazi dute. “Jende askok parte hartu du ekintzetan, eta orokorrean, giro lasaia, sanoa eta atsegina egon zen”. Ez hori bakarrik, antolakuntzak nabarmendu du aurreko urteekin alderatuta, jende gaztearen presentzia handitu egin dela eta positiboki hartzen dutela egunak jaso duen erantzuna.