"Gurea bezalako banda batean parte hartzeak gauza asko ematen dizkigu pertsonalki"
Mutrikuko Musika Bandak helduen eta umeen danborradan parte hartuko du, eta kontzertua eskiniko du Malen Egunean.
Ane Zubiaurrek 11 urte daramatza Mutrikuko Musika Bandako kide izaten, eta Irene Galarragak, aldiz, 14 urte. Batek klarinetea eta klarinete baxua jotzen ditu, eta besteak, zeharkako txilura eta flautina. Astelehenean [uztailak 20] Malen jaiei hasiera emango diote, eta bertan izango dira Mutriku musikaz betetzeko.
Zer nolako presentzia du Mutrikuko Musika Bandak Mutrikuko jaietan?
Irene Galarraga Arrieta: Jaietan bi danborrada izaten dugu. Lehenengoa, bezperan, helduen danborrada izaten da eta, bigarrena, uztailaren 23an izaten da, Malen Txiki Egunean, umeen egunean. Malen Egunean, uztailaren 22an, 10:00etan, Diana izaten dugu, eta, gero, 13:00etan, Goiko Plazan, kontzertua.
Eta, errepertoriari dagokionez, zein izaten da?
Ane Zubiaurre Goenaga: Danborrada bietan berdina jotzen da.
Jende asko batzen da banda entzuteko?
I.G.A.: Danborrada biak bete egiten dira. Lehenengo danborrada gauez izaten da, eta danborrada horrekin hasten dira Malen jaiak. Goiko Plaza eta inguruko guztia bete egiten da. Umeen danborradan ere bete egiten da, normalean, gurasoz. Malen Eguneko kontzertuan, aldiz, jendetsu egoten da, baina normalean, Malen Eguna egun indartsua izaten da, eta jendea tabernaz taberna poteatzen egoten da. Orduan, gu entzuten-entzuten dagoen jendea ez da hainbeste, baina giroa egoten da normalean.

Herritarrentzako mezurik baduzue?
I.G.A.: Jendea hurreratzea. Nahi dugu jendea hurreratzea, jendea guregana etortzea kontzertua ikusteko. Orain dela bi-hiru aste egin genuen udako kontzertua Queen taldea bertsionatuz, eta sekula ez dugu ikusi hainbeste jende bandako kontzertu batean. Eta nahi dugu jendeak jakitea banda urte osoan egoten dela martxan, ez bakarrik udako kontzertuetan. Malen Eguneko kontzertuan jendea ikusi nahi dugu, asko eskertuko genuke jendea hurreratzea. Guretzat Queen bertsionatzea bezainbesteko garrantzitsua da Malen Eguneko kontzertua.
Jaiak alde batera utzita, Mutrikuko Musika Bandak kontzertu asko izaten ditu urtean, ezta?
A.Z.G.: Bai, kontzertu asko egiten ditugu. Hasten dugu urtea Mutrikuko errege kabalgatarekin. Gero, urtarrilean izaten dugu lehenengo kontzertua, Nazarenoen Eguneko kontzertua. Hori eta gero, karnabalak izaten ditugu. Martxoan, Udaberriko kontzertua daukagu. Hori amaitu ondoren, udako kontzertuak prestatzen hasten gara, eta gero, Malenak prestatzen ditugu. Malenak amaitu ondoren, Ondarroako kontzertura joaten gara, Andra Mari Egunean, eta andramariak amaituta hasten gara Kalbarioko kontzertuarekin. Hor, malenetan, bezala, danborrada eta kontzertua izaten ditugu. Eta, Piñastei Egunean txaranga jotzen dugu egun osoan. Eta, behin kalbarioetakoak amaituta, Santa Zeziliako kontzertua izaten dugu, eta urte amaieran, Gabonetako kontzertua.
Zenbat zarete taldean? Erreleborik badago?
I.G.A.: Momentuz 40 kide gara, aurten bost kide berri sartu dira, banda txikitik etorri direnak. Konpromiso handia eskatzen du, eta ez dakigu banda txikitik jende asko etorriko den edo ez. Hasieran errespetua eman dezake banda handian sartzeak, baina, egia da, behin sartuta, izugarrizko giroa egoten dela denon artean, nahiz eta adin oso desberdinetakoak garen. Momentu honetan, txikienak 15 urte ditu eta zaharrenak, 50 inguru. Alboan jartzen dira, tronpeta jotzen dute, eta ondo konpontzen dira.
Zer da zuentzako Mutrikuko Bandako kidea izatea?
A.Z.G.: Gurea bezalako bandan parte hartzeak gauza asko ematen dizkigu pertsonalki. Musikaz gain, musikaz gozatzeko aukera ematen digu, eta talde baten partaide izatea ere eskaintzen digu, eta horrek, pertsonalki, beste balore batzuk ematen dizkigu: taldearekiko konpromisoa hartzea, talde baten parte sentitzea, horrekiko ardura edukitzea, errespetua, enpatia,… Orokorrean, asko betezen gaitu eta asko ematen digu. Guk ematen dioguna bandari, bandak ere beste gauza horrek guztiak ematen dizkigu.