Hiru mutrikuar, Mutriku Master Series txapelketako finalean
Barikuko [uztailak 17] finalaurrekoen ostean, erabakita geratu dira zapatuan [uztailak 25] finalak jokatuko dituzten lau bikoteak. Emakumezkoetan Eneritz Lizardi eta Ihart Arakistain ariko dira Elaia Gogenolaren eta Alize Arriagaren aurka, eta gizonezkoetan, Ekaitz Mendizabal 'Goixerri' eta Mikel Manzisidor 'Manzi', Xabi Barandika eta Unai Lekerikaren aurka.
Goxerrik eta Manzik finalerako txartela lortu zuten joan den barikuan [uztailak 17]. Lehia bizi-bizi dago azken asteetan Mutrikuko Miruaitz frontoian. Mutriku Master Series txapelketako bi jardunaldi hartu ditu Miruaitzeik, eta azken finalaurrekoa barikuan [uztailak 17] jokatuta, erabakita geratu dira zapatuan [uztailak 25] 19:30ean final handiko puntistak nortzuk izango diren. Hala, emakumeetan etxeko puntista Eneritz Lizardirekin batera ariko da Ihart Arakistain sopeloztarra, eta aurrez aurre izango dituzte Elaia Gogenola berriatuarra eta Alize Arriaga markina-xemeindarra. Gizonezkoetan ostera, bi herri eta bi belaunaldi ariko dira elkarren aurka: Ekaitz Mendizabal Goixerri eta Mikel Manzisidor Manzi mutrikuarrak alde batetik, eta Barandika eta Lekerika gernika-lumotarrak, bestetik.
Barikuan [uztailak 17] frontoi bete jende batu zen Miruaitzen bigarren finalaurrekoak ikusteko. Emakumezkoetan Elaia Gogenola eta Alize Arriaga aritu ziren Oihana Sorozabalen eta Maia Goikoetxearen aurka. Hala, Elaiak bolada onari eustea lortu zuen, izan ere, aurreko egunean [uztailak 16] Markina-Xemeingo Grand Slama irabazita heldu zen Miruaitzera. Bi frontoiek ezaugarri “erabat desberdinak” dituzten arren, Gogenolak jokaldiekin asmatzea lortu zuen, eta Alizerekin garaipen borrokatua lortu zuten.
Bi jokoak Elaiaren eta Alizeren alde egin zuten arren, ez zen borrokatu gabeko partida izan: lehenengo jokoa 15 eta 12 amaitu zuten, eta bigarrena, 15 eta 13. Hala, Alizek azken hilabeteetan emandako aurrearapausua berretsi du, eta Jai Alai Ligako txapel bat janzteko bigarren aukera edukiko du zapatuan [uztailak 25].

Gizonezkoetan, ostera, finalean mutrikuarren partaidetza bermatuta zegoen. Izan ere, barikuko finalaurrekoan hiru mutrikuar aritu ziren kantxan: Goixerri, Manzi eta Urreisti. Hala, lehenengo jokoan estu borrokatu zuten Goixerrik eta Manzik Urreistiren —Ligako liderra eta Banakako Txapelduna— eta Jon Zabalaren aurka, eta egindako lanen fruitua jaso zuten 15 eta 13 irabazita. Bigarren jokoan ere aurrea hartu zuten bi mutrikuarrek, eta 15 eta 6 irabaztea lortu zuten. Hala, Goixerrik eta Manzik Barandikaren eta Lekerikaren aurka etxean jokatuko duten finalerako dena edukiko dute alde: etxeko frontoia eta gertukoen berotasuna.
Lehen finalaurrekoak, estu. Uztailaren 10ean jokatu zituzten lehenengo finalaurrekoak hainbat puntistek, eta beste behin, frontoia jendez bete zen. Emakumezkoetan bi atzelari mutrikuarrak, Oaia Otaño eta Eneritz Lizardi, nor baino nor gehiago aritu ziren kantxan, Otañok Maite Ortiz de Mendibil bikote zuela eta Lizardik, Ihart Arakistain. Partida estua izan zen, baina Otañok eta Ortiz de Mendibilek ez zuten hasitako lana errematatzen asmatu: lehen jokoa 15 eta 10 irabazi zuten, eta bigarrena 14-9 aurretik bazihoazen ere, azkenerako 14 eta 15 galdu zuten. Hori horrela, azken jokoan erabaki zuten partidua, eta 2 eta 5 Ihartek eta Eneritzek finalera sailkatzeko txartela eskuratu zuten.
Gizonezkoetan, ostera, Barandika eta Lekerika gernika-lumotarrek eskuratu zuten garaipena, Alex Goitia markina-xemeindarra eta Aratz Mendizabal mutrikuarra mendean hartuta. Mendizabal beste erritmo batzuetara ohituta dagoen arren —denbora darama Estatu Batuetako JAM Arenan jokatzen—, etxean ere maila egokia ematea lortu zuen: “Konplitu egin du Aratzek. Pilota sartzailea da eta animo itzelak jaso ditu publikoaren aldetik”. Partidak aurrera egin ahal nekea ere igarri zuen arren, Goitia bere aurrelariarekin indarrak batu eta maila ona ematea lortu zuten. Hala ere, ezin izan zuten partida irabazi, eta Barandikak eta Lekerikak 15 eta 10 irabazi zuten bi jokoetan.