Giro "ezin hobean" ospatu dituzte madalenak Berriatuan eta Aulestin
Asteburuan Berriatuako Madalen auzoan eta Aulestiko Urriola auzoan ospatu ziren madalenak. Kirola, txapelketak eta giro jendetsua nagusitu zen.
Madalen jaiek kirola, musika eta giro ona ekarri dituzte asteburuan Berriatuko Madalen auzoan. Goiza eguraldi bustiagaz hasi bazen ere, jarduera guztiak normaltasunez garatu ziren eta eguerdirako eguraldi “ezin hobea” nagusitu zen.
Eguneko hitzordu nagusienetakoa IV. Legarmendiko Igoera izan zen. Guztira 38 korrikalarik parte hartu zuten, horietatik hamahiru berriatuarrak ziren eta hamar emakumezkoak. “Eguraldi hezea izan arren, korrikalarientzat baldintza ezin hobeak izan ziren”. Emakumezkoen sailkapenean, Ireder Angulo (Durango) izan zen irabazlea; bigarren postua Idurre Marin berriatuarrak lortu zuen; eta, hirugarrena, aldiz, Haizea Gerrikabeitiak (Gernika-Lumo). Gizonezkoen sailkapenean, berriz, Ibon Badiola ondarrutarra nagusitu zen. Podiuma Egoitz Aranzeta berriatuarrak eta Enaitz Lizundia ondarrutarrak osatu zuten.

Gainera, aurten bigarrenez txapel jaurtiketa egin zen, eta “ikusmin handia” piztu zuen. 14 urtetik beherakoen mailan, hamabost gaztek parte hartu zuten, tartean 2 urteko ume batek. Garailea Markel Aguirretxea berriatuarra izan zen, 13,35 metroko jaurtiketagaz. 14 urtetik gorakoen kategorian, 30 lagun egon ziren. Garaipena Aitor Jainaga auzotarrak lortu zuen, 27,67 metroko markagaz. Txapel jaurtiketako errekorra, berriz, Iker Lakak ezarritako 33 metroetan mantentzen da 2025etik.

Egun osoko egitarauan, jana eta edana ere egon zen. Eguerdian ospatutako auzotarren bazkarian 50 lagun elkartu ziren. Horren ostean, mus eta briska txapelketak antolatu ziren. Musean 21 bikotek parte hartu zuten, eta txapeldunak Karlos Lotil eta Enrique Malasetxebarria izan ziren. Briskan, berriz, 20 bikotek jokatu zuten, eta garaileak Asun Garitagoitia eta Idoia Zenikazelaia izan ziren.
Egunari amaiera emateko, errifen zozketa egin zen. Antolakuntzatik “parte hartze handia eta giro ezin hobea” nabarmendu dituzte.
Aulestiko Urriola auzoan ere ospatu dituzte Madalena jaiak. Tradizioekin jarraituz, mezagaz eman zioten hasiera egunari, eta ondoren, herri kirol erakustaldia egin zuten, Unai Goitiaren eskutik, Urtza taldearen laguntzagaz. Unai Goitiak azaldu duenez, bosgarren urtea da Urriolako madalenetan herri kirolak antolatzen dituztena: “Mutrikuko Sokatira Taldean nabil, eta bertako materiala uzten didate herri kiroletarako. Beti ere, auzotarren, eta lagunen laguntza izaten dut antolatzeko orduan, baita Urtza herri kirol taldekoena ere. Gainera, urtero zerbait berria egitea gustatzen zaigu, jendea entretenitzeko”. Hala, iaz, txapelketa txiki bat egin zuen eta, aurten ere, formatu bera mantendu du: “Bikoteka, modu mistoan, egin dugu txapelketa: ingudeari 30 kolpe, txingekin bi buelta, trontzagaz ebaki bat, berun jasotzea hamar aldiz eta txokor batzea”.
Gustura gelditu dira egindako lanagaz, eta azaldu dutenez, tartean giza proben erakustaldia ere egin zuten, baita trontza eraustaldia ere: “Saio ederra izan zen”. Herri kirolez gain, hainbat txapelketa egon ziren Urriolan: tiragoma, briska eta balin tiraketa. Ordu berean umeentzako jolasak egon ziren, eta egunari amaiera emateko, pintxopotea egin zuten.