Gure Txokoak: euskaraz eta euskaratik, auzolanean elikatzen
Gure Txokoak aplikazioa eta webgunea sortu berri dituzte, Euskal Herri osoan zerbitzua euskaraz ematen duten ostalaritza zein komertzio establezimendu, zerbitzu eta espazioen gida.
App-a honako lotura honetan deskargatu daiteke: https://labur.eus/guretxokoakapp
Proiektua auzolanean eta inolako irabazi asmorik gabe sortu dute, eta auzolanean elikatzen jarraitzea dute helburu: “Euskaldunoi askotan oso zaila egiten zaigu komertzio eta abarretan euskaraz eskatu ahal izatea, eta honek estres linguistiko handia sortzen digu. Kezka horretatik abiatuta jarri dugu martxan proiektua, euskaltzaleoi egunerokoan euskaraz bizitzea pixka bat erraztuko digun tresna sortzeko helburuarekin”. Erabiltzaileek mapan dauden txokoak kontsultatzeaz gain, txoko euskaldunak proposatu ditzakete. Izan ere, denen artean Euskal Herri osoko mapa “ahalik eta osatuena” eskaini nahi dute. Ekainaren amaieratik dago martxan, eta euskaraz zerbitzua eta arreta eskaintzen duten Euskal Herriko ehunka txoko eskaintzen ditu dagoeneko gidak: “Ekainaren 24an argitaratu genuen, eta izena ematea ez da beharrezkoa, baina 400 pertsonatik gora daude izena emanda”.
600 txokogaz hasi ziren, eta gaur gaurkoz 700etik gora dauzkate eta Android-eko deskargetan 1.300eko kopurua gainditu dute.
Proposamenak egiteko, kontua sortu behar da. Gero, saioa hasita, ‘txoko bat propostu’ atalean sartuta proposamenak egin daitezke. Prozedura erraza da: txokoa mapan kokatu, izenburua eta deskribapena ipini eta kategoria zehaztu behar da, eta gutxienez argazki bat eta gehienez bost sartu. Proposamenak heltzen zaizkienean, arduradunek berrikusten dituzte, eta onartzen dituztenean, mapan agertzen dira. “Ez genuen nahi gure berrikuspen barik jendeak txokoak igotzea, spama etab. ekiditeko. Kalitatezko informazioa bermatu nahi dugunez, berrikusi egiten ditugu. Harrera oso ona izan denez, 150 bat txoko proposamen dauzkagu itxaron-zerrendan; pixkanaka denak berrikusiko ditugu”, azaldu du Mikel Eizagirre Urkaregik lekeitiarrak. 200 proposamenetik gora jaso dituzte, eta egunero hamabost bat onartzen ari dira.
Pantailak Euskaraz-eko eta Zer non ikusi webgunea sortu zuen taldeko kidea ere bada Eizagirre, eta Gure Txokoak egitasmoa harrera oso ona eduki duela nabarmendu du. Oro har, jendeak interesa daukala ikusi dute, eta zenbait zerbitzuren arduradunek ere eurengana jo dute, euren eskaintza gehitu dezaketen galdetuz: “Hasieran, asialdira begira enfokatu genuen, taberna, jatetxe eta lotarako lekuak jasotzeko, baina jendea egunerokotasunean behar dituen txokoak gehitzeko eskatzen hasi zen. Lekeitiarra naiz, arnasgune batean hazitakoa, eta orain Gernikan bizi naiz. Hemen egunerokotasunean ez dut ikusi behar hori. Jendearengandik harrera oso positiboa eduki dugu”. Horrenbestez, askotariko zerbitzuen txokoa bihurtu da proiektua bera.
Proiektua garatu egin da, bilakaera eduki du, eta tokiko merkataritza bultzatzeko bidea ere ireki du proiektuak: “Hasieran, euskaraz artatzen duten lekuak ezagutzera ematea zen helburua; asko komertzio txikiak dira, eta beraz, tokiko merkataritza edo 0KM-ko merkataritzaren plaza ere sortu da, erakusleiho bat da, eta jendea horietan erostera ere animatu nahi dugu. Denda edo komertzio txikiak dira, eta bide ona da tokiko merkataritza sustatzeko”.
Eizagirrek azpimarratu bezala, auzolanaren bitartez hazten eta garatzen doa proiektua, eta txokoak proposatzeko gonbidapena luzatu du: “Denon artean sortu nahi dugun eta sortze ari garen gida da; proposamenak hartzeko zabalik gaude. Jendea proposamenak bidaltzera animatzen dugu”.