Hiru hautagai daude Lekeitioko txupinazoa botatzeko
Lekeitio Lagunkoia, Ipar Arrinda Letona eta Lekeitioko Zinemazaleak elkartea dira hautagaiak. Bozketa uztailaren 22tik 31ra egingo da, Kultur Etxera joanda edo Internetez.
Aurtengo jaietako txupinazoa nork botako duen erabakitzeko prozesuak aurrera egin du, eta dagoeneko Lekeitioko Udalak ezagutzera eman ditu hiru hautagaiak. Udaletik jakinarazi dutenez, 300 herritar inguruk parte hartu dute proposamenak aurkezten, eta jasotako hautagaitzen artean hiru aukeratu dituzte azken bozketarako. Orain, herritarren esku dago azken erabakia. Bozketa uztailaren 22tik 31ra egingo da, eta botoa Kultur Etxean edo sarean eman ahal izango da.
Lehen hautagaia Lekeitio Lagunkoia da. Elkartea 10. urteurrena ari da ospatzen, eta hamarkada horretan herria irisgarriagoa, inklusiboagoa eta lagunkoiagoa egiteko lanean aritu da. Herriko eragileekin elkarlanean, auzolanean oinarritutako ekimenak sustatzen ditu elkarteak urte osoan, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuagaz.
Bigarren hautagaia Ipar Arrinda Letona da, Euskal Selekzioko ardi moztailea. Aurten Zeelanda Berrian jokatutako munduko txapelketan parte hartu du, lehen aldiz Euskal Herria ordezkatzen. Euskal Ardi Moztaileen Elkartearen bidez, euskal ardi mozketaren tradizioa eta ofizioa ezagutarazten laguntzen du, bai Euskal Herrian baita nazioartean ere.
Hirugarren hautagaia Lekeitioko Zinemazaleak elkartea da. 2013an sortu zen herri ekimen gisa, Ikusgarri zinema aretoa itxi ez zedin eta herrian zinemaren kultura bizirik mantentzeko. Irabazi asmorik gabeko elkarteak bazkideen eta boluntarioen auzolanari esker kudeatzen du aretoa, kulturaren eta komunitatearen topagune bihurtuta.