Musika bandaren doinuek alaitu dute Mutrikuko Malen Eguna
Malen Egunean murgilduta daude gaurkoan [uztailak 22] mutrikuarrak.
Gazte Eguna atzean utzita, Malen Eguna ospatzen dabiltza gaurkoan [uztailak 22] mutrikuarrak. Gaur, goizean goizetik musika bandak izan du protagonismoa herriko kaleetan: lehenengo, dianarekin, eta ondoren, eguerdian eskainitako kontzertuarekin.

Eguzkitik babestako gerizpean sartu dira herritarrak, eta aterkiarekin atera dira Goiko Plazako aulkietara ausartenak. Bertan, Mutrikuko Musika Bandak urteroko kontzertua eskaini du. Adin guztietako jendea batu da bertan, eta musika bandak ere bakoitzari egokitutako errepertorioa jo du. Txalo zaparrada artean erantzun diote herritarrek.
Bestalde, Egaña gunea umeentzako espazio bihurtu dute gaurkoan, eta arratsaldean ere bertan jolasteko aukera edukiko dute txikienek, 16:30etik 19:00etara. Arratsaldean urteroko tradizio den sokamutarra egongo da, 18:00etan, eta ondoren, Mutrikuko sokatira taldearen eskutik herri kirolak egongo dira Goiko Plazan.
Bizixo Jai Konpartsak iluntzean hasiko du gaurko egitaraua. Aitor Bizkarra eta Alexander Idoetan bertso poteoa eskainiko dute, gaztetxetik hasita, eta ondoren, 21:00etan, Malko taldearen kontzertua egongo da Txosnagunean. Gaur, gainera, Malen Eguna izanda ez dira faltako su artifizialak, eta jarraian, Joselu Anaiak Goiko Plazako oholtzara igoko dira. Aldi berean, txosnagunean Skarregekasko eta Alarma Morea taldeen kontzertuak egongo dira txosnagunean.
Atzo, hasiera. Atzo [uztailak 21] eman zioten hasiera Mutrikuko Malen jaiei, Gazte Egunarekin. 330 lagun batu ziren bazkarian, Egaña gunean, eta Bizixo Jai Konpartsak Mutrikuko Gaztetxea omendu zuen, “25 urteko ibilbideagatik”. Arratsaldean, Azkia pilota taldeak pilota jaialdia antolatu zuen, eta “zoragarria” izan zela nabarmendu dute. Horrez gain, urteroko danborradak ere ez zuen hutsik egin, Mandazketa elkartearen eskutik.

Elkartasuna eten gabe. Malen txiki eguna zein Elkartasun eguna ospatuko dute bihar [uztailak 23] Mutrikun. Alde batetik, umeak izango dira protagonista egun guztian, eta bestetik, preso eta iheslariak gogoan izanda elkartasuna bidaliko diete herritarrek. Gainera gauean ere adin guztientzako egitaraua egongo da: txikienek Esna gazte! diskofesta izango dute Goiko Plazan, eta ez hain txikiek Playback txapelketa ikusi eta parte hartzeko aukera izango dute txosnagunean.