Faxismoaren aurka, Donostiako kaleak hartuko ditu Ernaik
"Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez" lelopean indarrak batzeko deia egin du Ernai Gazte Antolakundeak. Hala, Markina-Xemeinen agerraldia egin eta herritarrei deialdia egin die irailaren 13an Donostian egingo duten manifestazio nazionalera batzeko.
Gazte antolakundeak agerraldia egin du Markina-Xemeinen. “Kapitalismoaren sakoneko krisialdi baten murgilduta gaude eta gauzak abiadura bizian aldatzen ari dira, hala ere, ez guk nahiko genukeen norabidean”, adierazi du Ernaik Markina-Xemeinen egindako agerraldian. Norabide hori iraultzeko asmoagaz, gazte antolakundeak irailaren 13an Donostiko kaleak hartzeko deia zabaldu du, “gutxi batzuen interesei eusteko kapitalismo basatiaren” aurrean indarrak batzeko.
“Diskurtso espainolistak, erreakzionarioak eta faxistak” hedatzen ari direla salatu du gazte antolakuntzak. Horregaz batera, “eskubide gutxiago eta prekarietate eta zapalkuntza gehiago” ekarriko dituen eredu kapitalista seinalatzeko beharra aldarrikatu dute. Kapitalak bere nahiak asetzeko “mendekoak” nahi eta behar dituela gogorarazi dute, eta baita Euskal Herri justu baten alde egiten duten horiek jopuntuan dituela salatu ere: “Oraingoan ere Euskal Herriaren kontra datoz, gure kontra datoz”. Eredu “basati” horrek eta faxistek Euskal Herriaren askatasunaren aurka jarduten dute, “hemen aukerak ditugulako; zapalkuntza gabeko herria eraikitzeko aukerak”.
Faxismoaren aurka borrotzeko garaia eta Euskal Herria irabazteko ordua dela azpiamarratu dute agerraldian: “Euskal Herria irabaztea delako faxismoari aurre egin eta zapalkuntza gabeko jendartea irabazteko modu bakarra”. Bide hori eraikitzeko eta faxismoaren aurrean indarrez agertzeko, irailaren 13an 13:30ean Donostiko Bulebarretik egingo dute mobilizazioa.