Iñaki Beitia: "Bete egiten nau Ondarroako kirol artxiboa sortzen jarraitzeak"
Iñaki Beitia Etxaburuk bizitza osoa darama herriko kirola sustatzen. Emakumezkoen saskibaloi taldea sortu zuen, udalean kirol ordezkaria izan zen, eta ‘Egin’ egunkarian kirol kronikak idatzi zituen. Gaur egun, Ondarroako kirol artxiboa sortzen jarraitzen du, eta lan nekeza izan arren "asetu" egiten duela azaldu du.
Iñaki Beitia Etxaburu.Iñaki Suarez. Iñaki Beitia ondarrutarrak bizitza osoa darama kirolari lotuta. Jose Mari Naberanen eskutik hasi zen atletismoan, garai hartako ondarrutar asko bezala. Handik gutxira saskibaloiaren munduan murgildu zen, eta 1980ko hamarkadan emakumezkoen lehen saskibaloi taldea sortu zuen Zubi Zahar herri ikastolan, entrenatzaile lanetan ere sartuz. Geroago, Egin egunkarirako kirol kronikak idatzi zituen, eta 2011tik 2015era, Ondarroako Udaleko kirol ordezkaria izan zen EH Bildutik. Gaur egun, Ondarroako kirolaren leihoa egitasmoaren bidez herriko kirolarien emaitzak, argazkiak eta memoria biltzen eta zabaltzen jarraitzen du.
Betidanik eduki duzu lotura kirol munduagaz. Nondik dator afizio hori?
Nire adin bueltako asko bezala, Jose Mari Naberanegaz hasi nintzen kirolean. Zubi Zahar herri ikastolak atletismo taldea sortu zuen, Naberanek bultzatuta, eta hori berrikuntza handia izan zen garai hartan. Nik ez nuen lehiatzen, baina entrenatu bai. Saturraranen ibiltzen ginen, pista moduko bat zegoen bertan eta. Gero, saskibaloiko taldea sortzeko ideia izen genuen ikastolatik. Naberanegaz hitz egin, eta pentsatu genuen atletismoan talde bat zegoen bezala, saskibaloian ere emakumezkoen taldea sortu genezakeela. Horrela izan zen. Nire kabuz hasi nintzen ikasten: ikastaroetara joan, bideoak ikusi… eta 1983-84 denboraldian lehenengo bi taldeak atera genituen.
Zelakoak izan ziren hastapenak?
Entrenatzaile moduan oso gustura nenbilen. Umeak esponjak bezala ziren, eta berehala ikasten zuten. Beti saiatzen nintzen denek jokatu zezaten. Gure helburua argia zen: emakume gehiagori saskibaloian aritzeko aukera ematea. Gainera, txapelketak ere antolatu genituen inguruko herrietako gazteekin.
Eta ondoren, saskibaloi kluba sortu zenuen.
22 edo 23 urte izango nituen. Ez nekien nondik hasi ere. Notarioarengana joan ginen, kluba sortzeko zer egin behar genuen galdezka. Esan zigun estatutuak egin behar genituela, eta gutxienez bost pertsona behar genituela kluba sortzeko. Ikastolako jendea toki guztietan zebilen eta, beraz, kuadrillako lagunei esan nien beraien izena jartzeko, eta nik egingo nuela gainontzekoa. Hasieran dirua lortzeko denetarik saltzen genuen. Gero, okurritu zitzaidan ideia ona izan ahal zela publizitatea lortzea. Beraz, orduko Kalatxori merkatarien elkarteagaz jarri ginen harremanetan, eta gure babesle izan ziren. Urte batzuetan lau emakumezko talde izatera ere heldu ginen, eta herrian txapelketak zein ekitaldiak antolatzen genituen.
Saskibaloi munduan ez ezik, bestelako kirolak ere gustuko dituzu. Gainera, garai batean Egin egunkarirako ere kronikak egiten zenituen, ezta?
Egin sortu eta urtebetera edo bira egin zidaten Aurrera futbol taldeko kronikak idazteko proposamena. Orduan, gainera, Aurrera Hirugarren Mailan zegoen. Partida bitartean apunteak hartzen nituen, etxera joan, eta kronika idazten nuen. Egunean bertan deitzen zidaten, eta telefonoan grabagailua jarrita grabatzen zuten kronika, gero, egunkarian ateratzeko. Bi urte geroago, Egin-eko Oiztik begira orrialdean idazten hasi nintzen, Lea-Artibaiko kirol kronikak idazten nituen nik. Garai hartako Egin-eko prentsa txartela oraindik gordeta daukat.
Berezia al da?
Bai, gainera badaukat duela gutxiko pasadizo bat horregaz. Ni beti joaten naiz estropadetara, argazkiak ateratzera. Eta horrelako domeka batek, kasualitatez, Egin itxi zuten urteurrenagaz bat egin zuen. Orduan, nire motxila prestatzen nengoela bururatu zitzaidan Egin-eko txartela eramatea, omenaldi gisa. Bertan nengoela, klub bateko entrenatzaile bat hurbildu zitzaidan, pozik. Egin?, esan zidan, eta baiezkoa erantzun nion. Hunkitu egin zen, eta kontatu zidan bere gurasoak atxilotu egin zituztela Baltasar Garzonek Egin ixteko agindua eman zuenean.
Zure ibilbideagaz jarraituz, 2011n Arantza Burgoa kirol zinegotzi zela, bere laguntzailea izan zinen. Zer gogoratzen duzu garai hartaz?
Arantza Burgoagaz batera aritu nintzen, eta oso ondo moldatu ginen. Gure ustez oso garrantzitsua zen herriko kirol ekimenen informazioa modu antolatuan edukitzea, baita herriko kirol taldeekin harremana izatea ere. Hortik sortu genuen webgunea, Ibai Muñizek —garai hartan udaleko komunikazioaz arduratzen zen, borondatez— egin zuen, eta berak erakutsi zigun ibiltzen. Bertan, informazio guztia argitaratzen genuen: eguenetan kirol agenda eta martitzenetan emaitzak.
Lau urte egon zineten biok, eta ekimen ugari jarri zenituzten martxan.
Kirol Batzordea aktibatu genuen, eta horrek asko erraztu zituen gauzak. Horrez gain, lau urtean ekimen asko egin genituen, besteak beste, kirol programazioa, herriko taldeekin harremanak, adinekoentzako jarduerak edota Ondarroako kirolaren gala. Urtero kanpaina bat jartzen genuen martxan, kiroleko esparru bati lotutakoa.
Herriko kirolaren historia ikertzeko beka bat ere sortu zenuten.
Konturatu ginen herrian egiten ziren gauza asko ez zirela inon jasota gelditzen. Horregatik, beka bat sortzea erabaki genuen, norbaitek gai jakin bat ikertu eta dokumentatzeko. Sei hilabeteko beka zen, eta gaia kirol batzordean aukeratzen genuen. Lehenengoa Dina Bilbaoren ingurukoa izan zen. Tolosako neska batek egin zuen lana, eta gero historiazaleen esku utzi genituen eskubideak, liburu moduan argitaratu zezaten. Azkenean, helburua herriko kirolaren memoria ez galtzea zen.
Agintaldia amaitu ondoren, herriko kirolaren memoria biltzen jarraitu zenuen. Zergatik?
Aipatu dudan bezala, Ondarroan ez dago kirol artxiborik. Beraz, pentsatu nuen nik neuk egitea. Nahiz eta lan asko eskatzen duen bete egiten nau Ondarroako kirol artxiboa sortzen jarraitzeak. Behin agintaldia amaituta sortu nuen baita Ondarroako Kirolaren Leihoa egitasmoa, gainera, hamar urte bete zituen iaz, eta gaur egun, nire kontuan argitaratzen ditut aurretik bertan argitaratzen nuena. Izan ere, facebookek kontua kendu zidan duela urte batzuk, beraz, niretik jarraitu dut lan hori egiten, baita Instagramen ere. Bertan, herriko kirolarien emaitzak edota parte hartutako txapelketen berri ere ematen dut. Horrez gain, hogeitik gora liburuxka egin ditut: emakumezkoen traineruen hasierak, Aurreraren igoerak, emakumeen futbola, saskibaloi taldearen historia… eta hainbat kirolariri egindako elkarrizketak ere liburu bihurtu ditut: Arantza Burgoa, Ager Solabarrieta eta Maite Badiola, Gotzon Arrasate eta Mikel Iriondo.
Aipatu duzunez, gaur egun, neurri batean, zuk egiten duzu beka haren lana, ezta?
Nire lanetik erretiroa hartu nuenean denbora gehiago hartu nuen horretarako, eta pentsatu nuen aurretiaz aipatutako bekaren helburu horiek nik bete nitzakeela: ikertu, dokumentatu eta artxibatu. Beraz, hutsune hori betetzeko helburuagaz jarraitzen dut, eta esan bezala, asko asetzen nau.