30. urteurrena elkarregaz ospatu dute Karraspioko Boleibol Txapelketako parte hartzaileek
Lekeitioko Marierrota Boleibol Taldearen ekimenez, Mendexako Karraspio hondartzak Boleibol Txapelketa hartu du abuztuko lehenengo zapatuan. Urteurrena tarteko, lehenengoz, egun berean jokatu dituzte partidu guztiak.
Karraspioko Boleibol Txapelketak 86 parte hartzaile batu ditu. Argazkia: Marierrota BT Karraspioko hondartza kirol ikusgarri baten lekuko eta jokaleku izan da beste urte batez. Lekeitioko Marierrota Boleibol Taldeak antolatuta, zapatuan [abuztuak 1] Boleibol Txapelketa egin zuten, kirol diziplina hori maite duten guztien gozamenerako.
Aurten 86 partaide batu ziren, eta txapelketaren 30. urteurrena izanda, lehenengo aldiz, txiki, gazte zein nagusiek, guztiek egun berean jokatu zituzten partiduak, “urteurrena denen artean ospatzeko helburuagaz”, Marierrotakoek nabarmendu duten modura.
Txikiek hirunaka eta gazte zein nagusiek bikoteka jokatu zituzten partidak, 09:00etan hasita. Finalak, berriz, 15:00etatik aurrera egon ziren jokoan. Txikien mailan Elizabeth Montiel, Maialen Montiel eta Mara Gabiola izan ziren irabazleak; gazteen mailan, Urtzi Jauregi eta Lexar Ajuria eta nagusien mailan, azkenik, Iker Alonso eta Endika Mazo.
Emaitzak emaitz, giro ezin hobean hasi eta amaitu zen urtero-urtero abuztua girotzera etortzen den txapelketa.