Plazagañi aurrera ateratzeko hurrengo hitzorduak zehaztu dituzte
Abuztuaren 10ean 15:00etan muntatuko dute azpiegitura erraldoia, ohi legez, herrilanari esker. Herritarrak animatu dituzte auzolan erraldoiaren parte izatera.
Ondarroako Andra Mari jaiak ate joka dauden honetan, Plazagañeko jantokia aurrera ateratzeko buru-belarri dabiltza lanean hainbat herritar. Jantokiko estalkia jarrita, ondorengo egunetan egongo da zer eginik, jaietan hain errotuta dagoen zerbitzua itxura hartzen joan dadin.
Ezker abertzaleko kideek azpiegituraren inguruan datozen egunetan egin beharko diren zereginen berri eman dute, eta herritarrak animatu dituzte eginkizun horietan parte hartzera. “Hau guztiau aurrera eroateko herrilan izugarria behar da, eta esku askok falta egiten dute”, gogoratu dute. “Hasteko, egitura erraldoi bat muntatu behar izaten da, garbitasuna ere ez da atzean geratzen eta amaieran, dena txukun-txukun laga behar da. Animatzen zara parte hartzera?”.
Abuztuaren 10ean, datorren astelehenean egingo da muntaketa, 15:00etan hasita. Hilaren 12an 09:00etan egingo da garbitasuna eta jaiak amaitu eta bi egunera, hilaren 19an, desmuntaketa, hori ere 09:00etan hasita. “Esku bat bota” nahi dutenek Plazagañera joan besterik ez dute egin beharko.
Jantokiko txandak. Abuztuaren 14, 15, 16 eta 17an egongo da zabalik Plazagañeko jantokia. Egun horietan txandaren bat egiteko prest daudenak ere ongietorriak izango direla gogoratu dute, eta jendea animatu dute auzolan erraldoiaren parte izatera.